Carlos Suarezek txapelari eustea lortu du

Bigarren urtez jarrian hura da Euskal Herriko xake txapelduna. Asier Lakuntza ere txapeldunordea izan da berriro. Lehia estua izan dute. Suarezek xakeaz gozatzen jarraitu nahi du, hobetzen segitzen duen bitartean.

Carlos Suarez. BERRIA
Carlos Suarez, pentsakor, partida bat jokatzen. BERRIA
Josu Tornay.
2026ko apirilaren 29a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Carlos Suarez da bigarren urtez jarraian Euskal Herriko xake txapelduna. Sestaoko Xake Taldean ari da Suarez, eta tituluari eutsi ahal izan dio. Aurtengo aldian hogei jokalarik hartu dute parte —orain arte 24 aritzen ziren—. Suarez zen elo puntu gehien zuen jokalaria, eta, iazko txapelketan nola jokatu zuen kontuan hartuta, irabazteko hautagai nagusia zen. Bere metodo propioak erakutsi zituen iazko txapelketan; gainera, erresilientziaz jardun zuen posizio zailetan. Txapeldun izateko hautagai ziren Unai Garbisu, Gabriel del Rio, Santi Gonzalez, Iñigo Argandoña eta Markel Vesga ere. Denak txapeldun izandakoak dira, edo 2.300 elo puntutik gora dituzte. Ezustekoa emateko aukera zutenen artean ziren Patxi Moreno, Juan Manuel Ruiz eta Asier Lakuntza. Hala, txapelketa lehiatua eta irekia izango zela espero zen. «Hogei jokalari izateak are gehiago zaildu zuen torneoa. Exijenteagoa izan zen. Hain jokalari gutxi egonda, eta halako mailarekin, ia ligako torneo itxi bat zirudien. Izan ditudan aurkari denek edo maisu titulua daukate edo hemendik gutxira izango dute», azaldu du Suarezek.

Hasieran, Lakuntza jarri zen lehen tokian. Nahiz eta elo puntu asko ez eduki, emaitza onak lortu ohi ditu horrelako torneo ofizialetan, eta lehen txandatik bosgarrenera lider egon zen. Saurezek baino puntu erdi gehiago zeukan, eta seigarren txanda elkarren aurka jokatzea tokatu zitzaien. «Irabazteko gakoa, zalantzarik gabe, seigarren partida izan zen. Nire estrategia hauxe zen: ahalik eta pieza gehien taula gainean mantentzea; betiere eskema malgu batekin. Buruan nuen ideia hori, eta ondo atera zen». Garaipen horri esker lider jarri zen, eta azken txandan txapeldun izateko aukera handiena zuen jokalaria zen. «Lakuntzak bere partida irabazi zuen, baina nik banekien berdinketa hausteko sistema alde nuela. Nik Iñigo Argandoñaren kontra jokatu behar nuen, eta sendo jokatzea erabaki nuen. Nahiz eta irekitzearen ostean berdinketa lortzeko aukera izan, irabazten saiatzea erabaki nuen. Baina Iñigo ondo aritu zen defentsan, eta partida zailduz joan zen. Orduan, gauzak sinplifikatu eta berdinketa bilatzea erabaki nuen». Hala, Suarez eta Lakuntza berdinduta geratu ziren bost punturekin. Baina berdinketa hausteko kalkuluari esker, Suarez txapeldun izan zen.  

Atzerriko ligetan ez

Iaz bezala, aurten ere Euskal Liga irabazi du Sestaorekin: «Azken txandara arte ligan oso estu ibili gara talde guztiak. Guk puntu batzuk galdu genituen, eta titulua lortzeko genituen kontrarioek emaitza onak lortu zituzten. Horrek behartu egin gintuen aurkari zuzenen kontra irabaztera joan behar izatera». Txapeldun izateko behar zituzten puntu horiek Grosen kontra lortu zituzten, adibidez. IIaz Portugalgo, Erresuma Batuko eta Suediako ligetan ere aritu zen jokatzen, taldeka. Aurten, ordea, ezin izan du: «Eskaintzak jaso ditut berriro ere atzerriko ligetan jokatzeko, baina ez onartzea erabaki dut. Ez naiz xakeko profesionala, eta nire lanak denbora asko kentzen dit». 

«Hogei jokalari izateak are gehiago zaildu zuen torneoa. Exijenteagoa izan zen. Ia ligako torneo itxi bat zirudien. Izan nituen aurkari denek edo maisu titulua daukate edo hemendik gutxira izango dute»

CARLOS SUAREZ EAEko xake txapelduna

Jokalari moduan dituen helburuei buruz galdetzerakoan, berehala erantzun du: «Nire elo puntu kopururik altuenetik gertu nago, eta xakearekin gozatuz hobetzen jarraitzea da nire helburua». Edonola ere, Suarez nahiko berritzailea da entrenatzeko erabiltzen dituen metodoekin, eta horretan ere urrats bat egin nahi du: «Adimen artifizialak eskaintzen dituen aukerak eta ideiak baliatu nahi ditut, hobetzen jarraitzeko». 

Suarezek gertutik erreparatu dio Hautagaien Torneoari, eta bat dator xakearen zale direnekin: «Sindarovek egin duena ezohikoa da. Nire mailako jokalariek ere arazoak ditugu haren jokatzeko modua ulertzeko. Ni eta maisu handi diren beste lagun batzuk askotan ez gara gai horretarako. Behin ulertuta, erabiltzen dituen ideiak eta estrategiak oso sakonak direla konturatzen gara». Sindarovek denbora kudeatzetako duen gaitasuna nabarmendu du: «Konplexuak diren posizioak oso bizkor jokatzen ditu, harrigarria da. Gainera, ezagutzen ez dituen posizioetan egiten du hori, eta ia akatsik egin gabe». Hala, argi du: «Hitzik gabe utzi nau. Horrela jokatzen jarraitzen badu, hurrengo munduko txapelduna izango da. Horretan ez dut zalantzarik. Gukeshek oso zail izango du tituluari eustea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA