Belaunaldi aldaketaren finala

Javokhir Sindarov eta Gukesh Dommaraju elkarri bostekoa ematen, txapelketaren aurkezpenean. SALVATORE DI NOLFI / EFE
Javokhir Sindarov eta Gukesh Dommaraju elkarri bostekoa ematen, txapelketaren aurkezpenean. SALVATORE DI NOLFI / EFE
Josu Tornay.
2026ko azaroaren 24a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gukesh Dommaraju indiarrak eta Javokhir Sindarov uzbekistandarrak Munduko Xake Txapelketa jokatuko dute gaurtik aurrera Genevan (Suitza). Biek ere 20 urte baino ez dituzte. Inoiz ez dira hain jokalari gazteak ibili txapela eskuratzeko lehian. Bien arteko buruz burukoa, beraz, azken urteetan xakean izan den belaunaldi aldaketaren erakusgarri argia da. 

Finalisten batez besteko adina apalena izan den finalei erreparatuta, 1984koa dago bigarren tokian. Moskun jokatu zen, eta  Anatoli Karpov eta Garri Kasparov aritu ziren nor baino nor gehiago. Karpovek 33 urte zituen, eta Kasparovek 21; finalisten adinaren batezbestekoa 27 urtekoa zen. XX. mendean, Munduko Txapelketako finalisten batez besteko adina 30 urtetik gorakoa izaten zen. Azken hamarkadetan, ordea, joera aldatu egin da. Prestakuntza metodo berriek, ordenagailuen eta datu baseen erabilerak eta goi mailako xakea gero eta lehenago eskura izateak bizkortu egin dute jokalari gazteen talentua garatzeko prozesua. 2026ko finala belaunaldi aldaketa horren ikur argia izango da.

Gaztetasunean ez ezik, beste bi ezaugarritan ere bat egiten dute Sindarovek eta Gukeshek: biak oso goiz nabarmendu ziren. 12 urterekin lortu zuten maisu handiaren titulua. Gainera, xakean indar handia hartu duten Asiako bi herrialdetakoak dira: Indiakoa Gukesh, eta Uzbekistangoa Sindarov. Antzekotasunak antzekotasun, oso bide desberdina egin dute Munduko Txapelketara iristeko, eta, sasoi aldetik ere, ez dabiltza berdin.

Gukesh egungo munduko txapelduna da, eta Indiako xake jokalarien belaunaldi berriko ordezkari nagusietakoa. Gainera, segida eman dio Viswanathan Anandek hasitako bideari, Anandek bost aldiz irabazi baitzuen Munduko Txapelketa. Gukeshen gorakadaren erakusgarri da 2022ko eta 2024ko Xake Olinpiadetan banakako urrezko dominak irabazi izana. Gainera, 2024an Hautagaien Txapelketan ere gailendu zen. Txapelketa hori irabazi duten jokalarietan gazteena bihurtu zen hala: 17 urte baino ez zituen. Urte berean, Ding Liren txinatarrari aurre egin zion Singapurren, Munduko Txapelketan. Norgehiagoka estu baten ondoren, azken partida irabazita lortu zuen titulua. 18 urterekin, historiako munduko txapeldun klasiko absolutuetan gazteena bihurtu zen.

Orain garaikur horri eusten ahaleginduko da. Lehen aldiz egingo du, eta, helburua lortzeko, bere jokorik onena berreskuratu beharko du. Hori izan da Gukeshen erronka nagusia, txapeldun izan zenetik ez baitio eutsi ahal izan orduko mailari. 2.710 Elo puntu ditu, eta, hala, munduko sailkapeneko 26. postura jaitsi da.

Datuak Sindaroven alde

Sindarovek kontrako ibilbidea egin du. Gukesh baino hilabete batzuk zaharragoa baino ez da, eta bere kirol ibilbideko boladarik onenean iritsiko da txapelketara. Apirilean, Hautagaien Txapelketa irabazi zuen Zipren, eta Munduko Txapelketa klasikorako sailkatu den Uzbekistango lehen xake jokalaria da. Haren garapena eta hobekuntza ikusgarriak izan dira. 2.782 Elo puntu bilduta, munduko zerrendako laugarren postura igo da. Uzbekistanen azken urteetan mamitu den xake jokalarien belaunaldi bikainaren ordezkari nagusietako bat da.

Datuak ere uzbekistandarraren aldekoak dira. Erritmo klasikoan, Sindarov 2,5-0,5  dago aurretik, bien arteko partidetan. Garaipen horiek, hala ere, 2018an eta 2022an lortu zituen. Aurten, Wijk aan Zeen jokatu zuten elkarren kontrako azken partida, eta berdinketarekin amaitu zen, Sindarovek galduta zirudien posizio bat salbatu ondoren.

Hor dago lehiaren paradoxa: Gukesh da txapelduna, baina Sindarov sasoi hobean da. Indiarrak Munduko Txapelketa jokatu izanaren esperientzia du alde; uzbekistandarrak, berriz, azken hilabeteetako emaitza bikainak eta konfiantza.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA