Alpinista

Xuban Zumeta Irureta: «Goi mendietara itzultzeko asmoa dut. Arantza txiki bat gelditu zait Drifikarekin»

Zumetak ohiko bidea egin du goi mendietara igotzeko. Pirinioetan hasi zen probatzen, eta Himalaian izan da orain. Alpinismoak kateatu egin du, eta gozatu egiten du.

Xuban Zumeta alpinista. JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
Unai Ugartemendia.
Zarautz
2026ko urriaren 28a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xuban Zumeta Irureta (Zarautz, Gipuzkoa, 1997) zientzialaria da lanbidez, eta kirolaria senez. Txikitatik izan du lotura mendiarekin, eta gaur egun garaienetan dabil. «Gorputz handia dudan arren, ondo egokitu izan naiz altuerara. Zuhur jokatu izan dut egokitzapen horretan», azaldu du.             

Zein da mendiarekin duzun lehen oroitzapena?

Oso umetatik datorkit mendirako zaletasuna. Gurasoek etxe bat daukate Castiello de Jacan [Aragoi, Espainia], eta oso umetatik udak han pasatzen genituen arrebak eta biok aitona-amonekin, gurasoak beti lanean izaten baitziren tabernan. Egunak luzeak izaten ziren, eta mendira irteerak egiten hasi nintzen. Beti izan dut gustuko natura. Etxetik begien aurrean ikusten nuen aldiro Collarada mendia [Pirinioak, 2.886 metro]. Aitonak beti aipatzen zidan egunen batean igo behar genuela hara. Entzun eta egin. Egun batean, aitona-amonei esan nien lagun baten etxera nindoala lo egitera, baina lo zakua hartu eta Collaradara joan nintzen gaua pasatzera, bakarrik. Gezurra esan behar izan nien; bestela, ez zidaten joaten utziko eta. Goizeko bederatzietan irten nintzen etxetik, eta gailurrera hamabi ordu geroago iritsi nintzen. Txikituta iritsi nintzen! Hurrengo egunean etxeratu nintzen berriro.

Zure gaztaroko lehen irteerak Pirinioetara egin omen zenituen.

Bai, kuadrillako lagunekin hasi nintzen hirumilakoak igotzen. Irteera haietan, beti ondoko hormatzarrei begira geratzen ginen, eta beti aipatzen genuen egunen batean guk ere saiatu behar genuela. Gutxinaka-gutxinaka eboluzionatuz joan gara, eta, konturatzerako, mundu honetan ere murgildu gara.

«Kuadrillako lagunekin hasi nintzen hirumilakoak igotzen. Irteera haietan, beti ondoko hormatzarrei begira geratzen ginen, eta beti aipatzen genuen egunen batean guk ere saiatu behar genuela»

Ibilbide ohikoa egin duzu Himalaiara joan aurretik?

Bai. Lehenik, Pirinioak ezagutu nituen; ondoren, Alpeak; gerora, Andeetakoa etorri zen, eta, orain, amaitzeko, Himalaia ezagutu dut. Lehenbizikoz Alpeetara COVID-19aren pandemia igarota joan nintzen, 2021ean. Irteera hartan Domera [4.545 metro] eta Mont Blancera [4.806 metro] igo ginen. Mont Blanceko igoeran 3.000 metroko desnibela saihestu behar izan genuen, baimenik gabe joan ginelako. Izugarrizko pasada hartu genuen! Hurrengo urtean Cervino [4.478 metro] lortu genuen, eta, eguraldi txarra zela eta, ezin izan genuen Monte Rosara [4.634 metro] iritsi. Hurrengo neguetan igoera teknikoagoak egiten hasi ginen, izotzean. Ondoren, Jon Zerain laguna ezagutzearekin batera, Andeetara joateko aukera sortu zitzaigun.

Nola gogoratzen dituzu Andeak?

Jon, ni eta beste bi lagun joan ginen. Huaraz [Peru] herrian geunden, eta hura jada 3.000 metrotik gora dago. Egokitzapena eginez joateko leku aparta da. Pixkanaka altuerara igo eta egokituz joan ginen. Tartean Alpamayora [5.947 metro] igo ginen;  Tocllarajura [6.034 metro] igotzen ere saiatu ginen, baina elur-jausi bat izan zen bertan, eta, azkenean, ez ginen gailurrera iritsi.

Nola egokitu izan zara altuerara?

Beti izaten nuen beldur hori. Gorputz handia daukat, eta jakina da horrelakoetan giharrek oxigeno gehiago behar dutela. Baina nire kasuan ez dut ezer berezirik sentitu. Oso ondo egokitu naiz, nahiz eta, gehienak bezala, espedizio hasierako buruko min horiek saihestu ezinik ibili. Nahiko zuhur jokatu izan dugu beti egokitzeko garaian, eta inoiz ez gara presaka ibili.

Nondik sortu zen Himalaiara joateko aukera?

Inoiz ez dugu inguruan goi mendietako erreferenterik izan, baina argi neukan pauso bat aurrerago eman nahi nuela. Geure kabuz joan gara gauzak ikasten, gutxinaka, eta Telera inguruan [Aragoi, Espainia] gauzak egiten hasi ginen. Baina nik gehiago ikasi nahi nuen. Halako batean, ikusi nuen Mikel Zabalzak izotz eskaladako ikastaro bat ematen zuela. Ez nuen zalantzarik egin! Canal Royan [Pirinioak] ibili ginen ikastaro hartan. Asko ikasi nuen! Segurtasun izugarria sentitu nuen harekin, eta harreman ona egin nuen. Hitz egiten jarraitu genuen, eta aipatu zidan espedizio bat prestatzen ari zela. Zer asmo zeukan galdetu nion, eta esan zidan ez nuela joateko arazorik izango. Ezin nuen sinetsi! Konturatzerako lau ginen espedizioan.

Hasierako helburua Drifika (Pakistan, Karakorum, 6.447 metro) mendira igotzea zen. Zergatik aukeratu zenuten mendi hori?

Oso jende gutxi topatuko zuen eremu batera joan nahi zuen Mikelek. Guk igo nahi genuen ertza japoniar batzuek zeukaten igota1990eko hamarkadan. Ez genuen informazio askorik, baina bagenekien lehen errepikapena izango zela. K6 mendiaren [7.282 metro] inguruan dagoen tontor bat da. Egun alpinistarik onenak gailur haien inguruan ari dira jarduera tekniko batzuk egiten; besteak beste, Colin Haley eta Matteo Della Bordella zeuden bertan.

Zuek, ordea, ez zenuten gailurrera iristea lortu.

Kanpaleku nagusia 4.300 metrora zegoen, eta bertan igaro genituen lehen hiru egunak. Ondoren, 500 bat metroko igoera bat egin genuen ingurura moldatzeko. Baina, horren ostean, eguraldi txarra izan genuen hiru edo lau egunetan. Egokitzeko Solu [6.603 metro] mendia erabili genuen. Bikain egin genuen. 900 metroko korridore bat da, erraza, baina amaieran nahiko izotz gogorra topatu genuen. Gora iristean ezusteko txiki bat izan genuen: izotz plaka bat erori zen gure aurrean. Oraindik ere gogoan dut entzun nuen soinua! Handik Drifika ikusten genuen. Piramide dotore bat ikusten zen. Hura zen gure helburua.

Zer gertatu zitzaizuen?

Drifikako ertzera iristea jada nahiko abentura zen. Glaziarra bera nahiko arriskutsua da. Bertan zeuden alpinistek horren berri eman ziguten. Jende askok gutxietsi egin du Drifika, baina uste baino zailagoa da igotzeko. Bidea ere ez genuen argi, eta bagenekien denbora galduko genuela. Kanpaleku bat muntatzeko asmoa geneukan lehenik, glaziarra ezagutzeko. Baina denboraz larri ibili ginen. Bertan zebiltzan parapentelari batzuek ateratako argazkietan ikusten zen nondik jo behar genuen. Bidea ezagututa, lehen kanpalekua 5.000 metrora ipini genuen; bigarrena, berriz, 5.900 metrora. Bi gau igaro genituen bertan, eta ertza bikain ikusten zen handik. Baina saiakera egiteko baldintzak ez ziren onak; bukaerako zatia oso arriskutsu zegoen. Hori guztia kontuan hartuta, ez saiatzea erabaki genuen. Helburua aldatzea egokitu zitzaigun.

«Jende askok gutxietsi egin du Drifika, baina uste baino zailagoa da igotzeko. Bidea ere ez genuen argi, eta bagenekien denbora galduko genuela bide bila»

Zer erabaki zenuten?

Drifikarako bidean Mikelek beste tontor bat ikusi zuen. Argi ikusi zuen hara joateko aukera, eta beste bati ere erreparatu zion. 6.000 metroko mendi bat zen; Saramason izena jarri zion Zabalzak. Balti hizkuntzan eskerrik asko esan nahi du. Ondoren, bidean sartu ginen. Ederra izan zen hura ere! Hari ere izena jarri genion: Pack Visa. Bisarekin izandako bitxikeria batengatik jarri genion izen hori [barrez].

Kolpe handia izan al zen Drifika ez igotzea?

Niretzat pixka bat bai. Helburu hori genuen, eta gertutik are ikusgarriago ikusten zen. Ia-ia ez genuen aukerarik izan. 

Zure lehen espedizioa izan da goi mendietara. Ba al duzu itzultzeko gogorik?

Bai, eta itzultzeko asmoa daukat. Arantza txiki bat gelditu zait Drifikarekin. Joni jada proposatu diot hemendik bi urtera Chogolisara joatea [Pakistan, Karakorum, 7.665 metro]. Gustura hartu du proposamena, eta Mikelek ere aipatu dit animatuko dela. Espedizio hori egiten badugu, izugarria izango da.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA