Bi Javier Zabala egongo dira igandean Bilboko Bizkaia frontoiaren kantxan. Bata lau eta erdiko txapela irabazten saiatuko da Peio Etxeberriaren aurka. Bestea, berriz, asmo horretan laguntzen ahaleginduko da, botileroaren aulkitik ahalik eta gomendio onenak emanda. Javier Zabala aita-semeak dira.
Aitak atzera egin du frontoian duten harremanari buruz hitz egiteko. Kontatu duenez, oso gaztetatik ikusi zizkion semeari gaitasun handiak pilotan jokatzeko. Txapelketa bat non jokatu, Zabala aita-semeak han azaldu. «10 urte zituenetik irabazi ditu txapelak, eta urte askoan aritu naiz haren botilero». 17 urterekin, ordea, semeak beste botilero batekin aritzea erabaki zuen. «Seme-alabek 15-17 urte izan arte heroi baten parekoa zara haientzat, baina, bat-batean, tontoa bihurtzen zara, eta ez dakizu ezertxo ere. Hori gertatu zitzaidan niri Javierrekin, eta hainbat urtez nahiago izan zuen beste botilero batzuekin aritu. Duela bi urte eskatu zidan berriro bere botilero izateko. Pozik esan nion baietz».
ETBk pagotxa du haiekin. Partiden etenaldietan mikrofonoa gerturatu dietenean, askotan sutsuki eztabaidatzen harrapatu dituzte. Pasarte bitxi bat baino gehiago utzi dute. Aurten, esaterako, Zabalak eta Joseba Ezkurdiak sanferminetako lau eta erdikoaren jokatutako final-laurdenetako partidan, aitak beste modu batean sakatzeko esan zion semeari. «Aldatu, zertarako? Zazpi tanto egin ditut eta jarraian. Ez nazazu erotu, aita!», erantzun zion haserre semeak. Lau eta erdiko honetan, berriz, Jokin Altunaren aurkako partidan, semeak aitari eskatu zion ez haserretzeko berarekin. «Ondo egiten saiatzen ari naiz, ostia!», bota zion. «Ez nago haserre», erantzun zion aitak. «Bada, aurpegi ona jarri», eskatu semeak. Bi adibide baino ez dira.
Jaramonik ez mikrofonoei
Azaldu duenez, zaila da bi egitekoak uztartzea: aita eta botilero izatea. «Javierrek konfiantza handia du nirekin, eta erraz bidaltzen nau pikutara, edo edozer gauza esan». Baina normaltzat jo du. Ez dio garrantzi berezirik eman eztabaida sutsu horiek izateari. «Ez hura ez ni ez gara kontziente jendea esaten ari garena entzuten ari dela. Horregatik hitz egiten dugu horren natural, filtrorik gabe. Gu geurean gaude. Ez gara konturatzen ondoan mikrofono bat dugun edo ez».
Azpimarratu duenez, «haserrealdi laburrak» izaten dira, eta partidan gertatzen dena frontoian bertan bukatzen da. «Autoan sartu, martxan jarri, eta ezer gutxi hitz egiten dugu partidan gertatu denari buruz. Ez partidari buruz, ez bestelako kontuei buruz, Javierren sakelakoa jo eta jo ibiltzen baita. Bidaia ia osoa telefonoz hitz egiten pasatzen du».Â
Desadostasunak desadostasun, elkarren artekoak on egiten diela iritzi dio. Ez zaie burutik pasatu berriro banatzea. «Emaitza oso onak lortzen ari gara, eta hori seinale ona da. Kazetari bakar bati entzun diot esaten aita batek ez lukeela semearen botilero izan behar. Bestela, jende guztiak zoriondu gaitu, oso ondo ari garelako. Nik ez diot ezer erakutsi Javierri, nik ez baitakit ezertxo ere pilotaz. Nik lasaitasuna eta erabateko babesa transmititzen diot: hark sufritzen badu, nik sufritu egiten dut, eta hark gozatzen badu, nik gozatu egiten dut», esan du aitak. Semeak ere argi utzi du gustura dabilela aita botilero izanda. «Eztabaida horien atzean partida ikusteko bi ikuspuntu daude, baina helburua bera da: irabaztea. Ez dut inoiz pentsatu botileroa aldatzea. Zabala bakarra baino, hobe bi», nabarmendu du.
«Javierrek konfiantza handia du nirekin, eta erraz bidaltzen nau pikutara, edo edozer gauza esan»
JAVIER ZABALAÂ Javier Zabalaren aita eta botileroa
Semea baino lehen, aita aritu zen pilotan. «Baina oso txarra nintzen. Horregatik nahi dut Javierrek lortzea nik lortu ezin izan nuena», aitortu du. Hala ere, ez du uste nahi horrek itsututa ari denik semearekin. «Amorrua ematen didana da norbaitek gaitasun handiak izateak eta horiei probetxua ez ateratzeak. Lehen, askotan eztabaidatzen nuen Javierrekin, nire ustez ez baitzen bete-betean saiatzen, eta ez baitzuen jokatzen joka zezakeen bezain ondo. Baina denbora darama oso serio lanean, egunero entrenatzen. Ahalegin betean dabil».
Asko heldu da urtebeteanÂ
Horri esker, asko hobetu duela azpimarratu du. «Ez du inolako antzik duela urtebete finala jokatu zuen pilotariarekin. Asko heldu da, lasaiago dabil, eta itsu-itsuan sinesten du bere aukeretan. Konbentzituta dago edonori irabaz diezaiokeela». Heldutasunari erreparatuta, azaldu du Zabala Unai Lasoren, Jon Ander Peñaren eta Joanes Bakaikoaren belaunaldi berekoa dela, 1997koa, baina haiek baino beranduago heldu zela. «Gaztetan haiek baino bizpahiru urte atzerago zihoan beti. Orain, ordea, heldutasun betera iritsi da, eta gora egin du nabarmen».Â
Hori aski ez, eta sasoi betean dago, eta ondo ditu eskuak. «Iaz eskuek buruhauste dezente eragin zizkioten. Hala ere, finala jokatu zuen, baina zalantza zuen eskuek nola erantzungo zioten. Pilotariek eskuetan darabilten gel berri horrek mesede handia egin dio. Kosta egin zitzaion ohitzea, baina, orain, oso gustura dabil».
Jokoari dagokionez, eskuinez asko hobetu duela nabarmendu du. «Ezkerrez abiadura handia eman dio beti pilotari, baina, orain, eskuinez ere abiadura handia ematen dio. Horrez gain, sasoiko dagoenez eta eskuak ondo dituenez, bete-betean doa pilota guztietara, beldurrik gabe».
Zabalak Etxeberriaren aurka jokatuko du finala. Haren aitaren ustez, Etxeberria «oso pilotari oldarkorra» da, eta «kosta ahala kosta» atera beharko dute bere tokitik. «Bestela, gainetik pasatuko gaitu», ohartarazi du. Hala ere, aurkariak egingo duenak ez du kezkatzen, eurek egingo dutenak baizik. «Javierrek lasai aritu behar du, eta dakien bezala jokatu, izugarri jokatzen baitu. Ni saiatuko naiz horrela izan dadin. Abantaila bat dugu: bi Zabala gara, eta bakarra baino, hobe bi».