Denbora luzez apalduta egon ondoren, ilusioa piztu zaie berriro Errioxako pilotazaleei. Apur bat lo zeuden, baina Javier Zabalak (Naiara, Espainia, 1997) esnarazi egin ditu, pilotari errioxarrak Lehen Mailako Lau eta Erdiko Txapelketako finala jokatuko baitu igandean, Bilboko Bizkaia frontoian, Peio Etxeberriaren aurka.
Hamar urte igaro dira Errioxako pilotari batek Lehen Mailako final bat jokatu zuen azkeneko alditik. Alvaro Untoriak jokatu zuen azkenekoa: hark 2015eko binakako txapela irabazi zuen Oinatz Bengoetxearekin batera. Banaka, berriz, Augusto Ibañez Titin III.ak (Tricio, Espainia, 1969) jokatu zuen azkenekoz maila nagusiko final bat, duela hemezortzi urte. Titinek 2007ko lau eta erdiko finala irabazi zuen Abel Barriolaren aurka, Gasteizko Ogeta pilotalekuan.
Titinek duela 11 urte utzi zion profesionaletan aritzeari, eta, urte askoan lagunarteko partidak jokatu ondoren, duela hiru urte hartu zuen erretiroa behin betiko. Hala ere, frontoien inguruan dabil oraindik ere. «Pilotan jokatzeari utzi nion, baina osasunak [bihotzeko arazo bat izan zuen iaz] eta lanak [komertzial dabil Logroñoko kirol denda batean] aukera ematen didaten aldiro animatzen naiz pilotakada batzuk jotzera. Pilotan jokatzea gustatzen zait gehien. Frontoira ere joaten naiz partidak ikustera. Izugarri maite dut pilota mundua», aitortu du.
Zabala finalerako sailkatu dela-eta, askotan deitu diote kazetariek azken egunetan. Gauza bera esan die guztiei: «Oso pozik» dagoela Zabalak «erreleboa» hartu diolako. «Ez luke berritasuna izan behar Errioxako pilotari batek final handi bat jokatzea. Nik jokatu nuen azkenekoa, baina nahiago nuke Javiren eta nire artean besteren batek jokatu izan balu. Bazen garaia!».
«Irabazi ala galdu, ziur naiz Zabala urte askoan ariko dela txapelak irabazteko lehian. Gustura hartuko nuke haren ezkerra»
AUGUSTO IBAÑEZ 'TITIN III.A' Pilotari ohia
«Luze» egin zaio itxaronaldia. «Aspaldi ez zebilen errioxar bat pilotari handienen artean, txapel garrantzitsu bat irabazteko lehian». Horren zergatia arrazoitzeko, egungo garaia eta hark bizi izan zuena alderatu ditu. «Gure garaian Errioxako hamabi pilotari ari ginen profesionaletan. Gaur egun, ordea, hiru baino ez dabiltza: Dario, Salaverri eta Javi bera. Zenbat eta gutxiago egon, orduan eta zailagoa da nabarmentzea. Baina Zabalak lortu du. Errioxako pilotazaleok irrika bizia genuen hori ikusteko. Afizio handia dago hemen, baina azken urteetan pilotazaleak apur bat lo zeuden. Zabalak esnarazi ditu. Gauza handia da hura finalera iritsi izana. Ez dut pentsatu nahi zer izango den irabazten badu».
«Pizgarri eta mugarri»
Argi du: Zabalak finala jokatzea «pizgarri eta mugarri» da Errioxako pilotarentzat. «Batetik, pizgarri da gazteentzat eta hasiberrientzat. Javi eredu da haientzat: badakite lana gogor egiten badute, gora irits daitezkeela. Bestetik, mugarri da Javirentzat eta Errioxako pilotarentzat. Javirentzat, argi geratu baitzaio sasoiko baldin badago onenekin nor baino nor gehiago aritu daitekeela. Errioxako pilotari, berriz, mesede egin dio».
«Ustekabea» hartu du Zabalarekin, baina ez da hain ustekabe «handia» izan. «Jendeak hari buruz zioen buruz buru jokatzeko oso dohain onak zituela, baina, nire ustez, oso dohain onak ditu lau eta erdian aritzeko ere: teknika oso ona du, oso ondo sakatzen du, eta bikain jotzen du pilota ezkerrez, behetik, moztuta eta airez. Horrez gain, sasoi betean dago. Irabazi ala galdu, ziur naiz urte askoan ariko dela txapelak irabazteko lehian». Badute antzik Zabalak eta Titinek? «Jokamolde ezberdinak ditugu. Gainera, gure garaian baino azkarrago jokatzen dute orain lau eta erdian. Baina gustura hartuko nuke Javiren ezkerra», onartu du.
Finala dela-eta, Titin eta Zabala elkarrekin egon dira azken egunetan. Gomendioren bat eman dio? «Nerbioak bazter batean utzi, eta ahalik eta lasaien egoteko esan diot; hau da, orain arte bezala joka dezan esan diot. Erraza da kanpotik hori esatea barruan dagoenari eta final bat jokatuko duenari, baina saiatu behar du finalaren inguruko guztiaz ahazten eta bere jokoa egiten. Final bat izan arren, beste partida bat dela pentsatu behar du».
«Aste oso ona izango da hau Errioxarentzat, baina honek ez du etenik izan behar; hurrengo urteek ere onak izan behar dute»
AUGUSTO IBAÑEZ 'TITIN III.A' Pilotari ohia
Haren ustez, «ondo sakatu, bere jokoa egin eta bere erritmoa ezartzen duenak» irabaziko du finala. «Biak sasoi betean daude, eta konfiantzaz lepo, faborito zirenei irabazi baitzieten finalerdietan: Javik Ezkurdiari, eta Peiok Altunari». Argi dago Titinek nork nahi duen irabaztea: «Javik irabaztea nahi dut, baina asko gustatzen zait Peio; oso jatorra da». Seguru dago «sekulako giroa» egongo dela igandean. «Aspaldiko partez, Errioxako bandera asko ikusiko dira frontoian. Baina ziur naiz Peiok irabazten badu Errioxako zaleek txalo egingo diotela».
Garai polita
Garai polita bizi du Errioxako pilotak. Zabalak finala jokatuko du igandean. Bezperan, berriz, Baños de Rio Tobia Errioxako herrian etxeko pilotari batek egingo du debuta, Asperekin: Carmelo Lozak. 21 urte ditu, eta atzelaria da. Zabala izan zen debuta egin zuen azken errioxarra, duela sei urte. «Beste errioxar bat izango dugu, laugarrena. Albiste oso ona da. Aste oso ona izango da hau Errioxarentzat, baina honek ez du etenik izan behar; hurrengo urteek ere onak izan behar dute», azpimarratu du Titinek.
Horregatik, «oso garrantzitsutzat» jo du Errioxako Gobernuak eta Esku Pilotako Enpresen Ligak sinatu berri duten akordioa. Horren arabera, gutxienez bederatzi jaialdi jokatuko dituzte Errioxan: lau binakakoan, buruz burukoan eta lau eta erdian —Logroñoko Adarragan jokatuko dute binakako finalerdi bat—; eta, bost Errioxako Irekian, maiatzetik uztailera jokatuko den torneoan. Zera desiratu du Titinek: «Honek guztiak fruitua eman dezala, eta ez daitezela horrenbeste urte pasatu errioxar batek beste final bat jokatu arte».