Zabala 22-11 Murua

Zabalak Muruari irabazi dio, eta finalean izango da berriz ere

Partidaren lehen zati parekatu baten ostean, jokoaren kontrola hartu eta aise gailendu da errioxarra: 22-11.

Javier Zabala pilota jotzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Javier Zabala pilota jotzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko azaroaren 8a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko finala errepikatu da Lau eta Erdiko Txapelketan. Peio Etxeberriak Altuna III.a kanporatu zuen atzo, eta Zabalak Murua, gaur, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Arrasateko pilotaria izan da aurtengo txapelketako ezusteko handia; finalaurrekoari ere ondo ekin dio, baina luze egin zaio partida eta 22-11 galdu du azkenean.

Norgehiagokak bi zati erabat ezberdin izan ditu. Zabala dominatzen hasi da (6-2), Murua ezkerrez jokatzera behartuz. Tantoek aurrera egin ahala, ordea, gipuzkoarrak lortu du jokoa bere eremura eramatea, eta eskuinez min egiten hasi da. Urduri jarri da Zabala orduan, eta bizpahiru pilotakada huts egin ditu (9-9).

Hortik aurrera, baina, erabat bestelakoa izan da partida. Tantoei sekulako abiada sartu die Zabalak, eta Murua atzean jokatzera behartu du.

Une horretatik aurrera ez zegoen zer eginik. Nahieran jokatzen hasi da pilotari errioxarra: ezkerrez bizi jotzen, tantoak modu ugaritara bukatzen... Muruak ezin izan du bere jokoa egin, eta, borrokan segitu duen arren, aurkariak ez dio aukerarik utzi. Azken tantoetan 13-2koa izan da partziala.

Zabalak jarraian jokatuko duen lau eta erdiko bigarren finala izango da azaroaren 22an Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko dutena. Iaz Etxeberria izan zen txapeldun, ea aurten.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA