Palestinarekin Elkartasunak eta zale taldeek ziurtatu dute larunbateko kalejira «behar bezala komunikatuta» dagoela

Antolatzaileek adierazi dute Bingen Zupiria «gezurretan» ari zela, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak «aste honen hasieran» onartu duela mobilizazioa. Sailburuak goizean esan du manifestazio hori «komunikatu gabe» zegoela.

Bingen Zupiria, gaur, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara sartu aurretik. IREKIA
Bingen Zupiria, gaur, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara sartu aurretik. IREKIA
Julen Urrestarazu
2025eko azaroaren 13a
14:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestinarekin Elkartasunak eta Euskal Herriko futbol eta saskibaloi kluben zale taldeek adierazi dute larunbatean Bilbon egingo duten mobilizazioa «behar bezala komunikatuta eta baimenduta» dagoela. Goizean, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak azaldu du plataforma hark eta «futbol talde nagusien ultrek» antolatutako manifestazioa ez zegoela Segurtasun Sailari jakinarazia.

Antolatzaileek esan dute Zupiria «gezurretan» ari dela. Haien ustez, sailburuaren helburua «kalejira kriminalizatzea» eta «partidaren atarian tentsioa areagotzea» da. Areatzatik hasiko da kalejira, 18:30ean.

Azaldu dute bi aldiz eskatu diotela Segurtasun Sailari mobilizazioa egitea. Lehen aldiz «duela hilabete» eskatu zuten, eta Zupiriaren sailak ezezkoa eman zion, «beste ekimen batzuekin koordinatzeko zailtasunak» izango zituztelako. Bigarrena, ordea, atzo onartu zuen, «aste honen hasieran» baimena eskatu ondoren.

Eguna «normal» igarotzea

Goizean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak jakinarazi du bi manifestazio eta bost ekintza komunikatu dizkiotela Ertzaintzari etziko, Bilbon jokatuko den euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko neurketa dela eta. Gainera, dei egin du eguna «normal» igarotzeko.

Zupiriak adierazi du Ertzaintzak lan egingo duela jendea «modu askean manifestatzeko eta iruditzen zaiena demokratikoki aldarrikatzeko». Jakinarazi duenez, Ertzaintzari komunikatuta dauden manifestazioetako bat Gure Esku, Gernika-Palestina eta Gu Ere Bai plataformek antolatu dutena da. Azaldu du plataforma horiek «etengabeko harremanean» daudela Segurtasun Sailarekin.

Urriaren 12an Gasteizen Falange Espainolaren elkarretaratzeagatik egondako istiluak ere gogoratu ditu Zupiriak: «Inork nahi ez zituen egoerak bizi izan genituen komunikatuak ez zeuden mobilizazioengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.