2023ko urtekaria

2023an BERRIAn gehien irakurritako albisteak

Hauexek dira 2023an BERRIAn gehien irakurri diren hogei artikuluak. Zerrendak badu politikatik, bertsolaritzatik, euskaratik...

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa finala 2023
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, Bilboko Miribilla pabilioian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2024ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun

Non ote dago goiko jendetza? Nori begira ote daude? Tira... Argazki oina irakurriz gero, akabo magia. Badu behintzat zerikusia 2023an gehien irakurri diren albisteekin, lehen hogeien artean sailkatu diren hirurekin, hain justu. Lau mila lagun baino gehiago bildu ziren duela bi asteburu Bizkaiko Bertsolaritza Txapelketako finalean, eta, Miribillako harmailetan buruz burukorako kinieletan era guztietako konbinazioak entzun baziren ere, aurreko finaleko bikote bera sailkatu zen: Nerea Ibarzabal eta Jone Uria. Emaitza ere, bera: Ibarzabalek jantzi zuen bigarrengoz Bizkaiko txapela.

Final horrek emandakoak izan dira egunkari honetan gehien irakurri diren batzuk: bai zuzenekoa, bai albistea. Eta, nola ez, txapeldunari egindako elkarrizketa ere sartu da zerrendan, beste bien aurretik: «Ez da bakarrik bertsotan egiteko modua; oholtzan egoteko modua ere aldatzen ari da». Ibarzabal nagusitu zen arren, finalean aritu ziren zazpiek arrakasta izan zuten, «bakoitzaren ahotsaren edertasuna eta edertasun horren aitortza bat egon zelako»; buruz burukora sailkatzeko «hain puntu gutxira gelditu ginen denok ere», erantsi zuen bertsolariak.

Abenduak, beraz, eman du zer irakurri BERRIAn —gehiagorako ere eman du—, nahiz eta urte hasiera aldeko albiste bat izan den klik gehien jaso duena: ETB2ko Akelarre programak euskal kulturari barre egiten ziola salatu zuten, hura estreinatu eta hilabete eskasera sare sozialetan zabaldu zen bideo bat zela eta. Inprobisazioa zen telesaioaren gakoetako bat, Valeria Ros aurkezleak printzipioz ez baitzekien zeintzuk ziren elkarrizketatuak. Horra hor marra gorria: Maite Perurena txalekogileari esan zion «jertseak» zirela harri jasotzaileek zeramatzatenak. Eta Juan Martinez de Iruko pilotari ohiari, zera: «Ez zaizue apur bat antimorboa iruditzen txapela?»...

Akelarre urriaren 20an itzuli zen bigarren denboraldiarekin. Valeria Ros kamera aurretik kendu zuten, eta Ana Goitiak, Nerea Garmendiak eta Tania Llaserak aurkeztu zuten programa, denbora labur batez: aste gutxira kendu zuten programaziotik.

Euskara ere ardatz, Alex Artzelus EHUko ordezko irakasleak Irulegiko Irratian egindako gogoetaldia, BERRIAk albiste honetan jaso zuena: «Nehor ez da euskaraz ari» EHUko Irakaskuntza Fakultatean. Unibertsitateko ikasleen artean egoera «peningarria» dela azaldu zuen: «Denek elkarrekilan espainola mintzo dute, errabian». Entzun irratiko atala, hemen.

Politika

Urtarrilerako manifestaziora deitu zuen GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak, Bilbon eta Iruñean, Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! lelopean. Iker Apraiz kideari egindako elkarrizketa zerrendan sailkatu da: «Ezker abertzalea izan da lehena GKS isilarazteko lanean». Haren arabera, gaur egungoa ziklo ekonomiko berri bat da, non enpresari handiek neurri gehiago inposatzen baitituzte. Horren aurrean, «alderdi iraultzaile bat» sortzeko bidean zen Mugimendu Sozialista, eta, ia urtebeteren ostean, oraintsu aurkeztu dute: Euskal Herriko Kontseilu Sozialista, «euskal langileriaren alderdia». Horixe da, hain zuzen, 2023ko irakurriena Akelarre-ren albistearen atzetik.

Esan bezala, abendua ez da motz geratu: 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, EH Bilduren Mahai Politikoak Pello Otxandiano proposatu zuen «aho batez» lehendakarigai izateko. EH Bilduko egungo Programa zuzendaria da. Koalizioaren arabera, «Euskal Herriaren eraikuntza nazional eta sozialarekin konprometitutako familia eta gizarte ingurune batek» markatu ditu Otxandianoren gaztaroa eta pentsamendu politikoa —irakurri hemen BERRIAk egindako soslaia—.

Eusko Legebiltzarretik Iruñeko Udalera. EH Bilduren irudiko, «akordio historikoa» da orain dela bi aste koalizioak eta PSNk adostutakoa: UPNko Cristina Ibarrola alkatetzatik kenduta Joseba Asiron alkate izendatzekoa, gobernua osatu zenetik gaurdaino blokeatuta egon baita udala. Abenduaren 28an bozkatu zuten zentsura mozioa; UPN eta PP ez beste alderdiek alde bozkatu zuten. Eta, segidan, Asiron izendatu zuten alkate.

Hezkuntza eta segregazioa

Onartu berri duten EAEko Hezkuntza Legeaz gain, harrabotsa sortu zuten 2023-2024ko ikasturterako matrikulazioek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eskola segregazioari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak aldaketak iragarri zituen matrikulazio kanpainan: aldagai sozioekonomikoak aintzat hartuta banatu zituzten ikasleak. Diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiei, publikoei zein itunpekoei, eragin zien erabakiak; horiek guztiek leku kopuru bat gorde behar izan zuten ikasle zaurgarrientzat. 2 urteko haurren gelekin hasi ziren.

Martxoan behin-behineko zerrendak argitaratu zituztenean, Ikastolen Elkarteak bereari eutsi zion: «Ikastoletan matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartzen dugu». Matrikulazio baldintza berak eskatu zituzten zentro guztientzat, titulartasun ezberdineko ikastetxeen artean «joko arau ezberdinak» ezarri zituztelakoan. Horixe da BERRIAn gehien irakurri den beste albisteetako bat.


BERRIA ekonomikoki babesten dutenek, irakurtzen dutenek eta sare sozialetan jarraitzen dutenek osatzen duten BERRIAren komunitatea. Milaka dira, baina 2025erako BERRIA ekonomikoki babestuko duten beste 3.000 lagun behar ditu BERRIAk, azaroan eman duen jauziari eutsi ahal izateko. «Pentsa lezake jendeak BERRIAk sendo dagoelako egin duela jauzi hau. Guk esango dizuegu sendo egon nahi dugulako egin dugula jauzia», dio Ainara Lasa Marketin eta publizitate saileko arduradunak.


Hilberriak

Ohi bezala, hilberriek zabalpen eskerga izan dute, eta 2023ko zerrendak hori erakutsi du beste behin ere: gehien irakurritako albisteen artean lau hilberri ageri dira. Joan Mari Irigoien idazlea maiatzean hil zen; bazen denbora alboko esklerosi primarioa diagnostikatu ziotela. Euskal literaturan, batik bat nobelagintzan, arrasto sakona utzi du haren obrak, baina poesia lanak zein haur eta gazteentzako liburuak ere idatzi zituen. Izaskun Rekalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea eta lehendakaria ekainean zendu zen, gaitz larri baten ondorioz. Binke aldizkariaren sortzaileetakoa izan zen; honela adierazi zuten hedabidekoek: «Galdakaok eta Usansolok euskarazko komunikabiderik badute, hein handi batean Izaskun Rekalderi esker da». Abuztuan Jonan Ordorika soinu teknikaria hil zen. 30 urtetik gora aritu zen sektorean, eta hainbat musikarirekin egin zuen lan ibilbide horretan. Abenduan Arantxa Gurmendi aktorea hil zen. Hortentsiren pertsonaiak egin zuen ezagun, 'Goenkale' telesailean, eta antzerkirako ere lan ugari egin zuen.

Joan Mari Irigoienen erretratua. ANTTON OLARIAGA
Joan Mari Irigoienen erretratua. ANTTON OLARIAGA

Iritziak

Nork ez ditu irakurtzen —tituluak orriztatu, akaso— BERRIAn argitaratzen diren iritzi artikuluak eta zutabeak? Bi dira aipatzekoak: Iñigo Martinez Peña eta Pako Aristi. Lehenaren Curridigi: digitala ala hil  iritzi artikuluak ikasgeletako digitalizazioa izan zuen hizpide, Eusko Jaurlaritzak Google Cloud enpresarekin egin zuen hitzarmenaren harira: «Ikasle eta irakasle guztien datuak multinazional pribatuaren esku daude dagoeneko». «Kontua ez da teknoprofeta edo teknofoboa izatea. Ados. Baina, agian, modu akritikoegian ari gara digitalizazioaren alde egiten», gehitu zuen.

Pako Aristiren Espainia gara eta da bestea: «Ezustean harrapatu ninduen lagunaren esaldiak [...]. Arrangurarik gabe eta leun-leun lagunari eztarritik lerratu zitzaion aditz xumeak harritu eta larritu ninduen, 'gaude' esatetik 'gara' esatera dagoen alimaleko aldeak».

Eta gainontzeko pot-pourria

Kulturan, bertsolaritzaz gain, bada beste konturik. Jean-Louis Davant idazleak aitortu zuen, Matalaz kantua sortu eta 53 urtera, berak sortu zuela. Bernard Goihenetxe Matalaz Mitikileko (Zuberoa) erretorea izan zen: 1661ean, beste 7.000 zuberotarrekin, Matalaz jauntxoen aurka altxatu zen. Lau hilabeteko gudaren ostean, lepoa moztu zioten. Hau aitortu zuen Davantek Matalazen azken hitzei buruz elkarrizketa batean: «Matalaz hil zutenak ez ziren tirano arrotzak izan» [atzerritarrak hitzaren zentzuan]. «Uste nizun, denek bezala, Luis XIV.aren ogena zela; berantago ikusi dut Luis XIV.ak ez zuela ogenik».

Elkarrizketekin jarraitzearren, Jon Alberdi Baikoko pilotariak profesionalean jokatzeari utziko ziola azaldu zuen: «Nonbait alferrik zaudela ikusten baduzu, baztertzea da onena». Egindako lanarekin «oso konforme» egonagatik, ez zuen onartu Baikok kontratua berritzeko egin dion eskaintza. «Baikon distantzia handia dago. Distantzia hori, gainera, handitu egiten da pilotaria bolada onean ez dagoenean», azaldu zion BERRIAri.

Martxoan, AHTaren tunel bat Lezetxikin egin zutela salatu zuen Lezetxikiren Lagunak Arrasateko (Gipuzkoa) espeleologia zaleen taldeak: «Onartezina da Lezetxiki modu horretan suntsitzea, [...] ondare arkeologiko garrantzitsua da, eta guretzako kobazulorik kuttunena». Bertan topatu zuten, hain zuzen, behe Paleolitoko Homo heidelbergensis espezieko emakume baten humeroa, duela 164.000 urtekoa. Kontuak eskatuta, Madrilek adierazi zuen obrak egin zituzten tokiak ez zuela «interesik» aztarnategi gisa.

AHTaren obrak Lezetxikin. LEZETXIKIREN LAGUNAK
AHTaren obrak Lezetxikin. LEZETXIKIREN LAGUNAK

Urte hasieran, BERRIAk Elizako sexu abusuei buruzko erreportaje bat argitaratu zuen, 1940ko hamarkadatik aurrerako kasuak bildu eta gero: 90 erasotzaile ezagutzen dira, eta 177 biktima. Gutxienez. Hortik egun gutxira, sexu abusuen testigantza bat jaso zuen egunkari honek, eta hori da gehien irakurri den beste artikuluetako bat: «Kontatu zidan Jesusek elkar maitatzeaz zer esaten zuen, eta, bitartean, ukitzen hasi zitzaidan». Duela 40 urte Zumaiako Ramon Maria Olaizola apaizak eraso egin ziola salatu zuen; haren arabera, «inpunitate osoz» aritu zen elizgizona, 2015ean hil zen arte. «Ez dut hil nahi gizon horrek zer egin zidan kontatu gabe».

Arartekora, auzitegira edo elizbarrutira jo daiteke salaketak egiteko. BERRIAri lekukotza bat eman nahi izanez gero: [email protected]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.