Mende laurden bat gutxi izan daiteke batzuentzat, eta aldi oso luzea beste batzuentzat. Gaur 25 urte bete dira Sustatu.eus lehen euskarazko hedabide digitalak bere lehen artikulua argitaratu zuenetik. Artxiboan jasoa dutenez behintzat, Joxe Aranzabalen Zenbait iragarpen datozen hamar urteotarako artikulua izan zen aurrenekoa. Luistxo Fernandezek sortu zuen Sustatu, eta, haren lanari esker, urteotako post guztiak artxiboan gordeak dituzte. «Klik guztiak hor daude. Guztiak gorde ditugu». Ezin dute hedabide denek gauza bera esan.
Hortaz, propio Interneterako sortutako euskarazko hedabideek 25 urte bete dituzte. Garapena izan da orduz geroztik; gaur egun, badira gaikakoak, badira tokikoak, eta jarduna sare sozialetara bideratzen dutenak ere bai. Baina 2001. urtean, blogik ere ez zegoen. «Weblog modukoak zeuden», dio Fernandezek. «Kuro5hin gustatu zitzaidan niri, eta hori hartu nuen eredutzat». Rusty Fosterrek 1999an sortu zuen hura, Slashdot-en oinarrituta. Funtsean, Sustatu hedabide kolektibo bat izan zen hastapenetik. «Aukera ematen zitzaion edonori bere agiriak edo komunikatuak jartzeko. Edo iritzi bat, edo albiste jakin bat». Gaur egun ere bada aukera hori egiteko.
Halakorik euskaraz ez zen batere garai hartan. Euskaraz digitalki ere, gutxi. «Trakzio pixka bat lortu zuen Sustatu-k. Izentxo bat egin zuen orain beteranoak diren batzuen artean», gogoratu du Fernandezek. «Noski, lehen, garai hartan, Sustatu gehiago zen euskal panorama digitalean, orain dena baino».Â
Sustatu abian jarri baino urtebete lehenago sortu zuten Codesyntax enpresa, Eibarren (Gipuzkoa). Ondotik, Eusko Jaurlaritzaren hedabideen laguntza deialdietara aurkeztu izan dira. «Urteren batean-edo kale egin genuen, baina hor babes txiki bat lortu izan dugu. Bestetik, Codesyntaxen marketin leiho bat izan da, eta hor marketin aurrekontu bat badago». Aldiz, Fernandezek ohartarazi du publizitate digitalak euskaraz ez duela sarrera handirik bereganatzen.
Irailaren 9an diseinu berria estreinatu zuen Sustatu.eus-ek. Ospakizunak iritsi bitartean, artxiboan arakatu eta garai bateko post esanguratsu batzuk berreskuratzen ari dira. Haietako batzuek oihartzun zabala izan zutela oroitu du Fernandezek: «Jaio eta urtebetera, Joxe Aranzabalek minbizia zuela jakinarazi zuen; Euskaldunon Egunkaria itxi zuten egunean eta hurrengo egunetan, mugimendu handia egon zen Sustatu-n; Twitter sare sozialari Euskal Herrian 2007ko martxoan ongietorria eman zitzaionean ere bai».

Estetikan eta diseinuan sinplifikatu egin da Sustatu, eta, modu horretan, aurrera jarraituko duela aipatu du Fernandezek. «Jarraituko du. Agian adimen artifizialarekin zerbait bilatu beharko da, onerako baldin bada. Izan ere, horretan pentsatzen ari dira hedabide guztiak».
Sustatu-ren sortzaileak Codesyntaxen bazkide ekintzaileak bazituen. Eta haietako batek, Josu Azpillaga informatikariak, sortu zuen Azpeitiko (Gipuzkoa) Uztarria hedabidearen webgunea, 2002ko urtarrilean: Uztarria.com. Fernandezen arabera, hori izan zen euskarazko aurreneko tokiko hedabide digitala. Kasu: Goiena taldearen weba 2003ko abenduan sareratu zuten.
'Zuzeu'-ren eredua
Katalanez bizkorrago ibili ziren: 1995eko maiatzean jarri zuten martxan Vicent Partalek eta Assumpcio Maresmak VilaWeb hedabide digitala. Katalanez eginikoa eta Europako aurrenekoetakoa izan zen hura. Jardunean jarraitzen du gaur egun.Â
Euskarazko hedabide digital batzuek ere bide luzea egin dute. Sustatu bizirik da. Baita Zuzeu ere. Hasier Etxeberria ETBko kazetari zenak —2017an hil zen— 2007. urtean abiarazi zuen Zuzeu-ren egitasmoa, eta 2009ko apirilean ikusi zuen argia. Urko Uranga 2012an hasi zen Zuzeu-n lanean, eta kudeatzaile lanak betetzen ditu, baita bestelako lanak egin ere. «Gure indargunea eztabaida gunea izatea da», azaldu du. Urteotan, izan ere, 750 sinadura baino gehiago izan ditu Zuzeu-k.

Agerkari digital txikia da Zuzeu, baina datu esanguratsu batzuk nabarmendu ditu Urangak. 2024an eta 2025ean, hilabeteko batez besteko bisita kopurua 22.000 ingurukoa izan zen, eta, aurten, 32.892 bisitakoa da. %12 handitu da, horrenbestez. «Urteotan 70.000 iruzkin baino gehiago izan dira». Eta 36.000 artikulu argitaratu dituzte. «Elkarteek, sindikatuek, museoek, eragileek beren oharrak argitara ditzakete Zuzeu-n. Edozein herritarrek sor dezake erabiltzaile bat, eta testu bat idatzi». Haiek gainbegiratzen dituzte testuak, eta edizio lana ez da makala. «Baldintza batzuk bete behar dira. Muga argiak dira: ezin da isekarik idatzi eta giza eskubideak errespetatu behar dira», ohartarazi du Urangak. Egunero, mila bisitari inguru ditu Zuzeu-k, kudeatzailearen arabera.
2019an, podcastak ekoizteari ere ekin zion Zuzeu-k. «Iruditzen zait Euskal Gaizkileak seriearekin asmatu genuela. Hamabi atal egin ditugu, eta 35.000 entzunaldi baino gehiago izan dituzte». Beste podcast batzuk sortzeaz gain, Podcast.eus ataria kudeatzen dute —askotarikoak daude bertan, euskaraz—.
Zuzeu-ren Gaztea sariari esker, bestalde, gazte asko trebatu dira hedabide digital horretan idazten. Hamar urte bete ditu sariketan, eta urtero 500 euroko saria ematen diote irabazleari.
'Bada', sare sozialei begira
Euskarazko hedabide digital berrienetakoa Bada da, Ipar Euskal Herrian 2021eko urrian sortutakoa gazteengana iristeko; frantsesezko azpidatziak ere badituzte. Ana Sarria Bada-ko kazetariak aipatu du duela bost urte ohartu zirela bazela euskarazko edukien hutsune bat sare sozial batzuetan. Lagun talde batek sortu zuen Bada, baina orain hiru langile dituzte. Laguntzaileak, berriz, hamar dira. «Gure helburua da gazteak euskaraz informatzea. Gazteen kodeak erabiltzen ditugu horretarako, sare sozialetan». Instagram, Tiktok, Facebook eta Youtube sare sozialetan zabaltzen dituzte bideoak, bereziki bideo bertikalak.

Duela gutxi, Euskal Hedabideak elkartean sartu da Bada; elkarte horren parte dira Ipar Euskal Herriko Hitza (BERRIA), Euskal Irratiak, Kanaldude, Kazeta.eus eta Herria komunikabideak. Â
Lehentasuntzat Ipar Euskal Herriko gazteak dituzten arren, Sarriak azaldu du Hego Euskal Herrian ere badutela publikoa. «Euskal Herri mailako zerbait gertatzen bada, hori helarazi nahi diegu Iparraldeko gazteei, noski». Baikorra da Sarria Interneten euskaraz zabaltzen diren edukiekin: «Lehen hedabide digitala duela 25 urte sortu zen, eta gaur egun euskaldunok segitzen dugu eduki interesgarri eta dinamikoak egiten. Aintzat hartu beharko genuke euskaraz egiten den hori guztia».Â
Badira euskarazko hedabide digital gehiago. Kasurako, Elhuyar Zientzia hedabide digitalak urtebete egin du berriki, eta 534.000 erabiltzaile izan ditu. Eta hamahiru urte bete ditu dagoeneko Zinea.eus atari digitalak, zinemari buruz euskara hutsean informatzen duen hedabideak. Edo 2018an, Goiena taldeak abiarazitako Ttap —dozenaka elkarrizketa egin dituzte urteotan—.
Luistxo Fernandezek, testuingurua aldatu bada ere, badu mezu baikor bat emateko: «Internetek bere momentuan bazuen efektu berdintzaile bat. Oinarri tekniko eta teorikoan badu oraindik: hartzaile bakarrik ez, baizik eta igorle izan zaitezkeela».
Algoritmoak egiten ditu bereak, baina. Eta Fernandezen ustez, egun Euskal Herrian informazioa gehienbat Whatsapp eta Instagram bidez mugitzen da. «Meta taldekoak dira horiek, eta oligarka trumpista batzuk dira jabeak».