ETB

'3 Ene Kantak' gaur amaituko da ETB3n, baina oholtzetan jarraituko dute

Bost denboralditan seiehun saio baino gehiago egin ostean, ETB3k gaur emango du '3 Ene Kantak' haurrentzako programaren azken atala (15:30).

ETBko '3 Ene kantak' saioa. ETB
ETBko '3 Ene kantak' saioa. ETB
urtzi urkizu
2024ko martxoaren 23a
05:00
Entzun

«Bost denboraldi pasatu dira dagoeneko: 75 abesti berri, seiehun saiotik gora eta hamaika abentura. Agur esateko garaia iritsi da, Antxus. Hilaren 23an, larunbata, gure azken saioa emango dute ETB3n». Interneteko sare sozialetan zabaldu dute mezua Ene Kantak taldekoek. Hartaz, gaur 15:30ean emango du ETB3k 3 Ene Kantak saioaren azken atala. Ikus-entzuleei honako mezu hau helarazi diete Ene Kantak-ekoek: «Plazer handia izan da zu ezagutzea eta zurekin bizi izandako guzia, eta abentura itzel hau posible egin duten lagun guztiekin bidea egitea. Segi hegan egiten, Antxus. Guk gure abestiekin jarraituko dugu, euskara Ilargiraino iritsi arte».

Haurrentzako telebista saioa amaitu egingo da, beraz. BERRIAri hala iragarri zion taldeko Nerea Urbizuk urtarrilean. «Sekulako aukera izan da telebistan aritzea, hori falta zitzaigun. Aurretik antzerkian arituak ginen, diskoak argitaratuak genituen, eta Youtuben ere aritu izan gara. Falta zitzaigun telebista probatzea, eta aukera oso polita izan da», esan zuen orduko hartan. Nabarmendu zuen Nafarroan sortutako talde batek egin duela saioa. «Nafarroan sortutako zerbait Euskal Herri osoarentzat egin dugu, eta ohorea izan da guretzat. Lantalde polita egitea lortu genuen». ETBk, ordea, bide hori eten du. «Emaitza ona izan dela uste dut. ETBk zerbait eskaini beharko du udaberritik aurrera».

https://youtu.be/k_cVlNkig-I?si=sbWrCTDgJb9OFmVQ
3 Ene Kantak-en agur bideoa.

Edonola ere, Ene Kantak-ekoek zaleei argi utzi nahi diete ez direla desagertuko. Facebook sare sozialean iragarri dute maiatzean proiektu berri batean hasiko direla lanean. Horretan lagundu ahal izateko kanpaina bat abiaraziko dute. «Euskara maite baduzu eta gure seme-alabei lekukoa pasatu nahi badiezu, inoiz baino gehiago behar zaitugu. Mantendu euskararen sua! Eutsi, Ene Kantak, eutsi euskarari!», aldarrikatu dute amaitzeko, muxu hegaldunak bidaltzearekin batera.

Telebistan ez, baina herriz herri eta oholtzaz oholtza ibiliko da Ene Kantak taldea datozen hilabeteetan. Kontzertu bereziak eskainiko dituzte, gainera: apirilaren 28an, Zangozan (Nafarroa); eta maiatzaren 25ean, Sesman (Nafarroa). Proiektu berria udazkenerako iritsiko dela azaldu du Urbizuk. Telebistan amaitu dute bidea, baina kalean ez.

Makusi plataforma

EITB taldeak haurrentzako eskaintzan hainbat aldaketa egingo ditu datozen asteetan. Primeran plataforman dauden haurrentzako edukiak Makusi plataforma berrira eramango dituzte (gehiena ETB3ren eskaintzan dago). Apirilaren amaieran aurkeztuko dute Makusi plataforma. Eduki berrien artean, Power up! haurrentzako telesail berria egongo da. Era berean, plataforma bat ez ezik, haurrei begirako unibertso oso bat izango da Makusi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.