Telebista

ETBko '3 Ene Kantak' saioa martxoaren 22an amaituko da

Haurrentzako programaren grabaketak amaitu dituzte jada. Ene Kantak taldeak jendaurreko ikuskizunekin jarraituko du.

Ene Kantak- '3Ene kantak'
'3 Ene Kantak' ETBko saioa. ETB
urtzi urkizu
2024ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Euskal Herriko milaka haurrek gozatu dute azken bost denboraldietan 3 Ene Kantak saioarekin. Baina udaberrian ez da jada Ene Kantak-en programarik izango Euskal Telebistan: martxoaren 22an emango dute azken atala. Grabaketak amaituak dituzte dagoeneko, eta ez dute atal berririk egingo.

2019ko irailean ekin zion Ene Kantak taldeak ETB3 katean programa egiteari. Musika eta umorea ardatz, Euskal Herriko haurrentzako programa erakargarria sortu zuten taldeko Urko Oskozek, Nerea Urbizuk eta Oihane Iarzak. Gidoilari lanetan izan zituzten bidelagun, besteak beste, Alaitz Olaizola, Sustrai Colina, Julio Soto eta beste hainbat. Telebistarako eguneroko emankizunaz gain, Interneterako eduki bereziak ere prestatzen zituzten. Saioa bereziki 2-8 urte bitarteko haurrentzat da. Pertsonaien artean izan dituzte, gainera, Astonauta, Satorjator, Astotxiki, Satortxiki eta beste hainbat.

Iazko azaroan, ETBko zuzendaritzak taldeari esan zion 3 Ene Kantak saioak ez zuela jarraituko. Nerea Urbizu taldeko kideak azaldu duenez, Euskal Telebistak Makusi plataforma berriarentzat —ustez udaberrian jarriko da martxan— eduki batzuk egiteko proposamena egin zien. «Baina proposamena ez zitzaigun interesatu, eta ezezkoa eman genuen. Aurrerantzean nahiago dugu gure kabuz jarraitu eta kito».

Urteotan egindako lanarekin gustura dago Urbizu: «Sekulako aukera izan da telebistan aritzea, hori falta zitzaigun. Aurretik antzerkian arituak ginen, diskoak argitaratuak genituen, eta Youtuben ere aritu izan gara. Falta zitzaigun telebista probatzea, eta aukera oso polita izan da». Nabarmendu du Nafarroan sortutako talde batek egin duela saioa. «Nafarroan sortutako zerbait Euskal Herri osoarentzat egin dugu, eta ohorea izan da guretzat. Lantalde polita egitea lortu genuen». ETBk, ordea, bide hori eten du. «Emaitza ona izan dela uste dut. ETBk zerbait eskaini beharko du udaberritik aurrera».

Beste gai bat da ETB3 katearen zabalkundearena. Izan ere, Nafarroako hainbat tokitan ezin da ETB3 ikusi. «Lekunberrin bizi naiz ni, eta etxean ezin dut ETB3 ikusi», adierazi du Urbizuk. Sakanan, Baztanen eta Iruñeko kale batzuetan ere ezin da ETB3 ikusi.

EH Bilduk 2021eko azaroan akordio bat erdietsi zuen Espainiako Gobernuarekin, ETB3 Nafarroa osoan ikus zedin. Ez da gauzatu, ordea.

Ene Kantak taldeak telebistatik aparte jarraituko du bere bidearekin. «Antzerkiak ez dira amaituko. Ikuskizunek jarraituko dute. Guk ez dugu ETB behar aurrera jarraitzeko. Telebistakoa aukera bat izan da, hartu dugu, eta orain ikuskizunekin eta abestiekin jarraituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.