Telesailak

'30 monedas' munduan gehien ikusia izan da HBO Max plataforman

Alex de la Iglesiaren '30 monedas' telesailaren bigarren denboraldia amaitu da. 'The New York Times'-ek urteko onenen artean hautatu du.

HBO Max plataformaren '30 monedas' telesaila.
'30 monedas' telesaileko bigarren denboraldiaren fotograma bat. HBO MAX
urtzi urkizu
2023ko abenduaren 11
11:00
Entzun

Alex de la Iglesiak (Bilbo, 1965) eta Jorge Gerrikaetxebarriak (Aviles, Espainia, 1964) sortutako 30 monedas telesailak goia jo du HBO Max plataforman. Hainbat astez, plataforma horretan mundu osoan gehien ikusi den telesaila izan da; azaroa osorik hartuta, gehien ikusienen artean hirugarrena izan zen. Gaur estreinatu dute bigarren denboraldiko zortzigarren eta azken atala. De la Iglesia eta Gerrikaetxebarria dira gidoilari eta ekoizle eragileak, eta zuzendaria Bilboko zinemagilea da.

Lehen denboraldia ere arrakastatsua izan zen. AEBetan ikus-entzule ugari izan zituen. Gerrikaetxeberriak BERRIAri zera esan zion 2020ko abenduaren 8an: «Ameriketako Estatu Batuetako arduradunek lehen atala ikusi zutenean erabaki zuten han ere ematea, eta hori ez da ohikoa Europako ekoizpenekin». Izan ere, Internet bidezko plataforman ez ezik, HBO katean ere eman zuten AEBetan.

The New York Times egunkariak berriki 2023ko telesail onenen artean hautatu du  30 monedas. Bigarren denboraldia Sitgsesko nazioarteko zinema jaialdian (Katalunia) estreinatu zuten. Horrez gain, Austingo Fantastic Fest jaialdian (AEB) proiektatu zuten.

Bigarren denboraldiko aktore berrien artean Najwa Nimri Urrutikoetxea (Iruñea, 1972) eta Paul Giamatti (New Havern, AEB, 1967) daude.

'30 monedas' telesailaren bigarren denboraldiaren trailerra.

Ziurtzat jo daiteke hirugarren denboraldia grabatuko dutela. Pokeepsie Films ekoitztetxearen lan bat da telesaila —De la Iglesiaren bazkidea Carolina Bang da—. De la Iglesia une honetan Netflix plataformarentzat ari da telesail bat egiten: 1992. Sevillako Expo 92 erakusketan girotutako thriller bat da. Hilabete batzuk beharko dira estreinaldirako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.