2023ko udazkenean jarri zuen martxan Kataluniako irrati-telebista publikoak 3Cat streaming plataforma, eta denbora gutxian Katalunian gehien ikusten den hirugarren plataforma bihurtu da. Kontuan hartu behar da doako plataforma horretako eduki guztiak katalanez ikus daitezkeela.
Cross Plataforma View Kantar Media enpresaren neurgailuak emandako datuen arabera, Kataluniako herritarren %29,2k erabiltzen dute 3Cat edukiak ikusteko. Plataformen artean, soilik Amazon Prime Video eta Netflix ditu aurretik. Katalunian, Amazon Prime Video dago lehen tokian: hilean behin, gutxienez, katalanen %55,1ek erabili dute plataforma hori ikus-entzunezko edukiak ikusteko. Netflix da bigarren tokian: %51,8k erabili dute azkeneko hilabetean. Apirileko datuak dira horiek.
Neurketa berean, bestalde, Youtubek eta Tiktokek indar handia dutela ondorioztatu daiteke. Herritarren %81ek erabiltzen dute Youtube, eta %54,2k Tiktok sare soziala.
Edonola ere, 3Cat plataformak gainditu egin ditu merkatuan denbora gehiago daramaten beste plataforma batzuk: Disney Plus (%20,3), Movistar Plus (%19,8), Atresplayer Atresmedia taldearen plataforma (%15,9), RTVE Play (%14,3) eta Max (%12,1).
Katalanezko plataformaren datuak oso esanguratsuak dira: 1,3 milioi herritar erregistratu dira 3Caten —doakoa da—. Katalogoan, 342.000 ordu daude esku-eskura. Eta 2023ko udazkenetik hona, plataformak 262 milioi erreprodukzio izan ditu.
Rosa Roma 3Cat-eko presidenteak nabarmendu du talde publikoa «ahalegin berezia» egiten ari dela ikus-entzunezko joera berrietara eta gizarte katalanari egokitzeko. Ohartarazi du hamar katalanetik zortzi plataformetan daudela.
Askotariko edukiak ikus daitezke 3Cat plataforman: fikzioa, dokumentalak, marrazki bizidunak, albistegiak, kirol emanaldiak... Eta podcastak eta irratsaioak ere entzun daitezke. Dragoi Bola ere katalanez ikus daiteke bertan, eta harrera beroa du: 11 milioi erreprodukzio izan ditu Japoniako saioak plataforman jarri zutenetik.
TV3 lider telebista konbentzionalean
Beste alde batetik, doako telebista konbentzionalaren eskaintzan lidergo sendoa du TV3 kate publikoak. Katalanezko kate hori da gehien ikusten dena Katalunian: %13,8ko ikusle kuota du. Kantar Mediaren datuen arabera, bigarren tokian Antena3 dago (%9ko kuota), eta hirugarrenean, La1 (%8,8). Tele5 laugarren tokian dago (%6,8), eta La Sexta katea, bosgarrenean (%6,2).
Azkeneko asteetan kirol emanaldi batzuek datu oso handiak lortu dituzte TV3en. Adibidez, Arsenalek eta Bartzelonak jokatu zuten Txapeldunen Ligako finalak %40ko ikusle kuota gainditu zuen.
GfK institutuak egindako inkesta baten arabera, TV3 da herritarrek hobekien baloratzen duten katea. Bigarren tokian La1 dago.