Ainize Madariagak gidatuko du Euskal Irratietako 'On daiziela!' magazina

Aste honetan ekin diote denboraldi berriari Euskal Irratiek. 'Goiz berri' emankizuna Maria Agnes Gorostiagak gidatuko du. Elkarrizketa batzuen bideoak sare sozialetan zabalduko dituzte.

Antxeta irratiaren estudioko argazki bat. AIMAR LOPEZ ERASUN
Antxeta irratiaren estudioko argazki bat. AIMAR LOPEZ ERASUN
urtzi urkizu
2026ko irailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure Irratiak, Antxeta irratiak, Irulegiko Irratiak, Xiberoko Botzak eta Amikuzeko Irratiak asteon hasi dute ikasturtea. Informazioa, askotariko iritziak eta gaikako eskaintza zabala izango dute aurten ere Euskal Irratiek. Berrikuntzen artean, Ainize Madariagak aurkeztuko du aurten On daiziela! magazina.

Astegunetan, lehen berri saila 06:30ean hasiko da. Aktualitateko gaiei helduko diete ordu erdiz. Maria Agnes Gorostiaga Euskal Irratietako esatari eskarmentudunak gidatzen du goizeko tarte hori. Lehen gonbidatuak pasatu dira jada irratietako mikroetatik, eta gaur goizean Erik Etxart Seaskako lehendakaria elkarrizketatuko dute, 08:00etan.

Goizeko magazinean, askotariko iritziak entzun ahalko dira ikasturte honetan Euskal Irratietan; kasurako, Andoni Aizpuru, Itziar Madina eta Xan Berterretxe. Nazioarteko aktualitatea lantzeko, Mikel Aramendi, Mikel Reparaz —EITBko albistegietako nazioarteko arloburua—, David Lannes eta Olatz Arrieta izango dituzte analisiak egiteko prest. Kultur gaiei heltzeko, berriz, Julen Axiari, Itxaro Borda, Josu Martinez eta Katixa Dolhare ariko dira kolaboratzaile. 

Grabaketa zaharretan murgiltzeari ez diote utziko ikasturte honetan. Horiek horrela, Argiz(h)ari podcast saioak jarraipena izango du. XX. mendeko soinu artxiboen fondoan murgildu ohi dira Pantxix eta Marie Bidart. Goiz berri saioaren barruan entzun ahalko dira pasarte horietako batzuk. Bertso iritziak ere helduko dira Euskal Irratietara. Eta ostiralero solasaldi bat egingo dute goizetako programan.

Goiz berri saioaren ostean, Gure Irratiaren, Antxeta irratiaren, Irulegiko Irratiaren, Xiberoko Botzaren eta Amikuzeko Irratiaren tokiko deskonexioak izango dira entzungai. Hurbileko programazioa landuko dute, hortaz, 10:00ak arte.

Eta, kantu eskaintzen segidan, Ainize Madariagak aurkeztuko du aurten On daiziela! magazina, 12:00etan hasita. Laguntzaile ugari izango ditu saioa osatzeko: Harkaitz Apalategi, Euskal Herriko kultur agenda aipatzeko; Dantzan.eus eta Bertsoa.eus atarietako laguntzaileak; Joseba Etxarriren, Eder Etxebarriaren, Amaia Kastoreneren eta Mailus Hiriarteren aipaldiak, eta asteroko literatur solasaldia. 

Bideoak ekoizten hasiko dira

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako euskarazko irratiek iazko irailean aurkeztu zuten webgune berria: Euskalirratiak.eus. Irrati bakoitzak ere berritu zuen bere webgunea. Euskal Irratiek azaldu dutenez, estrategia digitala sakonduko dute aurrerantzean ere. Ez nolanahi. Baizik eta tokiko informazioaren eta interes orokorreko albisteen «euskarazko erreferentzia» bilakatzeko bidean.

Hori gutxi balitz bezala, Euskal Irratiak bideoak ekoizten hasiko dira ikasturte honetan. «Esperimentatzeko urte gisa ikusten dugu, eta hein horretan, Goiz berri emankizuneko elkarrizketa batzuen bideoak astero Interneteko sare sozialetan hedatuko ditugu», iragarri du Aimar Lopez Erasun Euskal Irratietako ordezkariak. 

Antxeta irratiak astean hiru bideo zabalduko ditu sare sozialetan; Irulegiko Irratiak eta Xiberoko Botzak, astean bat; eta Gure Irratiak, berriz, asteazken goizeko elkarrizketa. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA