Xabier Landabidea Urresti.
Komunikazioa eta gu

2X

2026ko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtero ikasle berriak izatearen alde on bat da ispilu bikaina eskaintzen dutela gauzak —tartean, norbera— nola aldatzen doazen ikusteko. Alderantziz dela iruditzen zaigu, haiek direla etengabe aldatzen doazenak, baina ilusio hutsa da: ikasleak beti dira ikasle, beti dira gazteak, beti jartzen dira urduri azterketa hitza altuan esaten baduzu. Beste guztia da aldatzen dena.

Egia da gutxi gorabehera lau urtero orrazkerak aldatu egiten direla, gure arteko erreferentzia zinematografiko konpartituen arteko aldea handitu egiten dela eta lehen gertatzen ez ziren gauzak gehiagotan gertatzen ikusten dituzula, baina ura bere bidean doa, eta ibaiak hor jarraitzen du beti.

Edozelan ere, ikasleekin kontaktua izateak antropologiak arraroagotzeaz dioena praktikara eramatea ahalbidetzen digu irakasle gabiltzanoi, haiei begiratzea geure buruari begiratzeko modu emankorra izan ohi delako. Zer gutxi irakurtzen duten, adibidez, askotan komentatzen dugu klaustroetan edo kafe makinen inguruan, eta izan daiteke modu bat guk ere gizarte bezala zer gutxi irakurtzen dugun desnormalizatzeko.

Azkenaldian irakasleoi deigarria zaigu oso nola galtzen duten pazientzia ikus-entzunezkoen aurrean. 50 minutuko dokumental laburra abiadura bikoitzean (2X-an) jartzeko eskatu zidan aurrekoan ikasle batek. Ezetz esan nion, bideoak horizontalean grabatzen direla irakatsi ziotenaren irribarre erdiarekin. Batetik, esan beharrik ez dagoela ere iruditu zitzaidan: ez nuela zertan argudiatu ere klaserako planteatutako ikus-entzunezko lan bat bere jatorrizko abiaduran ikustekoa dela, 50 minutu arrazoizko arreta tarte bat dela eta bestelako boomer-milennial-aren ideiak, badakizue.

Bestetik, baina, irribarrea okertu zidan konturatzeak berez gizarte osoa dugula 2X-an, edo 4X-an. Etengabe produktiboagoak, eraginkorragoak, arinagoak izateko aginduak heltzen zaizkiela (zaizkigula) gizarte instituzio guztietatik. Ez azeleratzea frenatzea da jada, atzean gelditzea. Edo okerrago: atzera egitea. Gure ikasleak ez dira espontaneoki hasi kognizioa azpikontratatzen eta arreta zatikatzen, haien garaiaren seme-alabak dira, geu ere gure garaiaren seme-alabak garen bezala. Haien perspektibatik beharbada gu gara 0,5X abiaduran gabiltzanak.

 

Gaiak
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA