Xabier Landabidea Urresti.
Komunikazioa eta gu

Aedotomia II

2026ko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurretik ere nahiko agerikoa zen arren, une batetik aurrera ukaezina bilakatu zen komunikabideetan presentzia eta trakzioa lortzen zuten subjektu ia guztiak prozedura aedotomikoetatik pasatutakoak zirela. Garai batean gorputz lirainak, hortz zuriak, ile ederra eta azal zaindua izatea bezala, lotsa-adierazpiderik batere agertu ez eta are, lotsagabezia-adierazpenak performatzea arau bilakatu zen urte gutxian. Presio estetikoa mantendu bazen ere, presio neurologikoa berehala hedatu zen komunikatzaileen esparru guztietara.

Mezu komertzialetan igarri zen lehenengo, albistegi eta elkarrizketa politikoetan nabarmen, eta laster fikziozko edukietara ere iritsi zen fenomenoa. Pertsonaiak ume edo jainkoak bezain lotsagabeak bilakatu ziren, esplizituki krudelak, harroak, zigorgabeak. Galtzea gaizki dagoela eta irabaztea ondo dagoela zioten istorioak zabaldu ziren goi eta behe, eta lotsati-en artean nabarmena eta berehalakoa izan zen eragina. Lotsa sentitzea, eta agertzea, tabu bilakatu zen abiadura harrigarrian, fikzioan bezala eguneroko bizitzan.

Lotsari lotsa slogana printzipio soziologiko bihurtu zen urte gutxian, ebakuntza eskaerek gora eta gora egiten jarraitu zuten Euskal Herriko klinika guztietan (baita baldintza higieniko eta segurtasun zalantzagarridun klinika klandestinoetan ere) eta pertsona askok —batez ere pobreenek— zorpetuta amaitu zuten prozedura garesti hauek ordaindu ahal izateko. Sorpresarik handiena urte gutxira iritsi zen, aedotomia prozedurak bost urtero berritu behar zirela jakin zenean. Prozeduren prezioek gora egin zuten eta harpidetza sistemak jarri ziren abian. Lotsaren itzulera existentzial eta sozialki jasanezina zelakoan gehienek prozedura berritzea erabaki zuten, baita zorpetuenek ere.

Komunikabideetan alternatibarik gabeko prozesu atzeraezin bezala aurkeztu zen auzia. Aurrera egindako gizarte batek ordaindu beharreko prezioa. Gurasoek ahalik eta harpidetzarik garestienak kontratatu zituzten tropelean seme-alabentzat. Lotsadun irauteak aukera izateari utzi zion laster. Holobista, e-gunkari eta i-rratietan osasungintza pribatuko konglomeratu nagusien jabeek kanpainarekin zeharo aberastu zirela azaldu zuten, irribarretsu.

 

Gaiak
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA