Joera 2027 inguruan hasi zela uste dugu. Aurretik ere bazetorren noski, baina 2027ko udazkenean datatu dute adituek lehen iragarki komertziala. Ameriketako Estatu Batuetako eta Europar Batasuneko osasungintza pribatuko konglomeratu handienak dena aldatzera zetorren produktu miragarri eta harrigarri bat aurkezteko kanpaina erraldoia abiatu zuen: Lotsari lotsa. Shame on shame. Ordutik aurrerakoa historia da.
Interbentzio kirurgiko sinplea da berez, aedotomia. Telentzefaloan eta aurreko ezker intsulan ezker ebakidura txiki bana egitean datza, Burckhardt-Ulaffson prozedurari jarraituz. Literatura zientifiko sendoa dago prozeduraren gainean, eta praktika klinikoa, 2027ra arte urri samarra zen arren, gizarte osora zabaldu zen oso tarte gutxian.
Telebista, irrati, reel, story, shoot, short, proot eta igogailu eta autobus eta trenetako pantaila bidez abiatu zen publizitate kanpaina oso kritikatua izan zen hasieran, erridikulizatua ere bai. Bizitzan arrakasta handia lortutako pertsonak agertzen ziren bertan: enpresa gizonak, musikariak, politikariak, idazleak, kazetariak, armadetako goi kargudunak, eta denek aipatzen zuten prozedura aedotomikoak zenbat lagundu zien bizitzan. Inor gutxik sinistu zuen hasieran kanpainak arrakasta izango zuela. Baina izan zuen.
2032rako biztanleriaren laurden bat ofizialki aedotomizatuta dago eta barne produktu gordinaren %75 segmentu horren esku dagoela kalkulatzen da. Hedabideetan ohikoagoa da lotsatiak bitxikeria bezala aipatzea (lotsaren emozioa sentitzeko gaitasun neurologikoa duten pertsonak, ofizialki eta legalki aedotomizatu aurreko herritarrak) aedotomia problematizatu edo zalantzan jartzea baino. Estatistikak estatistika, oso azkar ezarri da estandar berria iritzi publikatuan.
Osasun sistema publikoa aspalditik deseginda dagoen arren, Elkarlan Publiko-Pribaturako Funtsak lehentasunez sartu ditu aedotomia zerga kenkarietan. Legebiltzarreko indar gehienak ados agertu dira kirurgia estetikoarekin alderatuta hain inbasiboa ere ez eta autoestimu eta depresio arazoei aurre egiteko estrategia ona dela esatean.
EAEko CEOak gabon gaueko mezuan adierazi berri du gizarte erabat aedotomizatuan sartu garela. Bere akzioen eboluzioa azaldu du, ondoan bi alabak dituela, harro.