Osasunaren Mundu Erakundeak argi definitzen du osasuna: erabateko ongizate fisikoa, mentala eta soziala da. Pertsonen osasun-egoera aztertzeko, medikuntzak adierazle zerrenda luzea erabiltzen du: bihotz-maiztasuna, odol-tentsioa, arnas-maiztasuna, gorputz-tenperatura, gorputz-masaren indizea, gorputz-konposizioa, adierazle biokimikoak, estres zein antsietate mailak, loaren kalitatea eta faktore sozioekonomikoak, besteak beste. Helburua da herritarron osasunaren prebentzioan laguntzea, diagnostiko goiztiarrean eta erabaki kliniko pertsonalizatuan.
Hezkuntzaren arlora etorriz, gure sistemen osasun-adierazleak ere hainbat aldiz aztertzen dira. Argazki horiek osatzeko behar diren zenbait datu kanpo-ebaluazioen bidez eskuratzen ditugu. Ipar Euskal Herrian, 14-15 urterekin, estatu-mailako brebeta izeneko kanpo-ebaluazioa izaten dute. Hego Euskal Herrian, aldiz, Lehen Hezkuntzan zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasleek ebaluazio diagnostikoak izaten dituzte. Datu horiei esker, ikastetxeetako eguneroko praktika pedagogikoak hobetu daitezke. Administrazioen hezkuntza-politikak ere norabide egokian jartzeko aukera bikaina dira. Bestetik, 15 urteko ikasleek egiten dituzten nazioarteko PISA probek gure hezkuntza-sistemen argazki orokorrak eskaintzen dizkigute.
Batxilergoa amaitzean, Ipar zein Hego Euskal Herriko gure ikasleek baxoa, USaP edo USE probak izaten dituzte. Azterketa horien helburu nagusia hau da: ibilbide berri bat hasteko ezinbestekoak diren ezagutzak eta heldutasun akademikoa lortu dituztela bermatzea. Azken egunotan zalaparta eragin duten kalifikazioak aitzakiatzat hartuta, EAEko 76/2023 batxilergoko dekretuaren hitzak dakarzkigu: «Euskara eta Literatura eta Gaztelania eta Literatura curriculum bateratua ikasle guztiei EAEko bi hizkuntza koofizialak menderatzeko aukera eta haien erabilera egokia eta eraginkorra bermatzeko diseinatu da». Bai, bi jakintzagai horiek curriculum bera partekatzen dute. Hori horrela izanda, USaPeko bi azterketa horien zailtasun-maila paretsua izan beharko litzateke. Benetako helburua hezkuntza-sistema etengabe hobetzea baldin bada, lehenik, argazkiaren irudi gordina onartu beharko dugu, edertuko gaituen filtrorik erabili gabe.