benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Arretaroa

2025eko abenduaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur izango dira Durangoko Azokan Benetan zabiz? podcasteko bi gidariak: Aitziber Grados eta Malen Altuna. Pasa den astean argitaratu zuten azken elkarrizketa ekarri nahi dut hona: Maren abeslariarekin izandako solasaldia. Interesgarria egiten zait belaunaldi berrien ikuspuntua ezagutzea, eta patxadaz egiten diren elkarrizketek ematen dute horretarako tartea. Elkarrizketan gai bat gailendu zen besteen artean: musikari askok sareetan duten gainesposizioa. Han entzundakoaren ondoren ideia bat etorri zitzaidan burura: gaur egungo artistek jarraitzaile berriak lortzeko bidesaria da norbere burua etengabe sarean saldu behar izatea.

Marenek zioen bazirela artista gutxi batzuk horren beharrik ez zutenak, baina bidea egina zutelako zen hori. Gaur egun hasten denarentzat, ordea, ezinbestekoa dirudi sareak bozgorailu gisa erabiltzea, lanaz gain sarri bizitza pribatua ere erakusleiho bihurtzeraino.

Gaur-gaurkoz, gizartean dugun ondasunik urriena arreta da. Eta musikari berri batek ez du soilik beste musikari batzuekin lehiatu behar gure arreta bereganatzeko. Musikariaren lehiakideak ere badira Netflix, gimnasioak, ezkertiarren arteko sare sozialetako ika-mikak eta La isla de las tentaciones (barka nazazue Iparraldeko lagunok). Balizko musikari berri horrek ere badu bere lana ezagutarazteko gogoa, entzuna izan nahi du, aukera bat nahi du, eta ozen adierazi: «Ei, nik ere badut zerbait esateko».

Hasierako elkarrizketara bueltatuz. Berau ikusteak SUV autoekin gertatutakoa ekarri zidan gogora. Badakizu, SUV autoak dira turismo estandarrak baino altuagoak diren horiek. Nitxoko ibilgailu izatetik merkatuko segmentu nagusia izatera igaro dira azken urteotan. Eta fisikari erreparatuz gero, ongi ulertzen da auto horiekin gertatu dena. Ibilgailu handi batek beste ibilgailu txiki bat jotzen duenean, auto handiko bidaiariek desazelerazio txikiagoa jasaten dute. Erosleek, beraz, auto handia erostean, beren burua babesten dute besteen kaltearen kontura. Ondorioa? Gehienok gero eta auto handiagoak erosten ditugu.

Bada, hau da bizitzea tokatu zaigun garaia. Gero eta auto handiagoak erosten ditugu segurtasunaren izenean, eta gero eta ozenago hitz egiten dugu zarata artean entzunak izateko. Bide horretan, baina, ez ote gara guztiok (z)entzumena galtzen ari? 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.