Euskararen mundutik inbidia puntuarekin begiratzen zaio katalanari, baina katalanek edan izan dute euskararen aldeko mugimendutik. Lehen Korrika 1980. urtean egin zen, eta Kataluniako aurreneko Correllengua, berriz, 1997an. Aurten ere egingo dute Correllengua Agermanat lasterketa, apirilaren 19an abiatuta, katalanaren alde.
Herrialde Katalanetan ibili ziren ETB1eko Tribuaren berbak saiokoak asteazken gauean, denboraldiko azkeneko atalean. Katalanaren egoeraz mintzatu ziren hainbat lagun, baina zer hizkuntzatan? Euskaraz. Valentzian euskaraz ikasten ari diren ikasle batzuen lekukotza ere jaso zuten. Eta, Bartzelonako Gracia auzoan, herritarrek beren hizkuntza ohituren inguruan hitz egin zuten. Azpimarratzeko modukoa izan zen, edonola ere, Izaro Arruti Agirreurretak Monica Bonell Andorrako Kultura ministroari egin zion elkarrizketa —hartan bai, elkarrizketatua katalanez ari zen—, Andorrako ordezkariak agerian utzi baitzuen, batetik, estatu bat izateak zer garrantzi duen hizkuntzaren gaineko betebehar batzuk ezartzeko. Eta, bestetik, erakutsi baitzuen erakunde publikoen hizkuntza politika jakin batzuek nolako eragina izan dezaketen herritarren hizkuntza ohituretan. Katalana da Andorrako hizkuntza ofiziala, eta, 1993. urtetik, herrialde horretako ordezkariak katalanez aritzen dira Nazio Batuen Erakundeko batzarretan.
Programa horren amaieran, esaldi indartsua jaurti zuen Kike Amonarriz Gorriak: «Itxaropena boterea da». Atal hori Youtuben ikusgai da.
Azkeneko hamar egunetan, Herrialde Katalanetako hainbat lagunek parte hartu dute 24. Korrikan. Bandera katalanak ere ikusi dira ibilbidean han-hemenka. Tribuaren berbak saioko azken-aurreko atalean ere, katalan batek azaldu zuen zer-nolako emozioa eta zirrara eragiten zizkion Korrikan parte hartzeak.
Ohikoa da Euskal Herritik Kataluniara begiratzea, eta alderantziz. X sare sozialean, hainbat katalanek kezkaz aipatu zuten haurrentzako ETB3 katea desagertu zelako albistea. Ez zen kasualitatea. Izan ere, 2025eko abenduaren 1ean, 3Cat telebista publikoko presidente Rosa Romak Ara egunkarian adierazi zuen mahai gainean zutela SX3 haurrentzako katalanezko katea ixteko aukera. Ez da halakorik gertatu Katalunian. Baina lerro hauen irakurle guztiek ondo dakitenez, ETB3 ETB1 On bilakatu da martxoaren 18tik, eta horrek kontrako erreakzio ugari eragin ditu. Hamar egunotako Korrikaren ibilbidean ere ikusi dira pankarta batzuk, ETB3 ez ixteko eskaera lelotzat hartuta.

ETB3 ixtearen aurkako oihua zabaltzen ari da. Kasurako, Balmasedan (Bizkaia) hainbat gaztek egindako aldarria biralizatu egin da.
Unibertsitateko euskara taldeek eta Balmasedako gazteek antolatutako egitarauean ETB3 ez itxi mezua argi. Zuzenean sartu beharrean ospa egin behar izan dute lotsagatik.
— Ekai (@ekaiamuski) March 26, 2026
ETB3 EZ ITXI!@ideiazabaldub @GureBideoak @naiz_info @berria @HamaikaTb @argia pic.twitter.com/hA8zfFs6Vl
Familia eta ikusle euskaldun bakoitza bere moduan bizitzen ari da ETB3ren eskaintzaren etetea. Asteazken goizean, 6 urteko neska batek poz-pozik hartu zuen Korrikaren lekukoa, Donostiako Egia auzotik beherantz. Egun berean neska horren aitak hau zioen audio mezu batean: «Oso penatuta gaude. Netflix eta horrelakoak kendu egin genituen, zeren erokeria zen alabarentzat. Eskaintza horrekin guztiarekin erotu egiten zen, haserretu. Lortu genuen telebista konbentzionalean dagoenarekin moldatzea, eta ETB3 oso ondo zegoen harentzat. Eta guretzat. Sinatu dut Pantailak Euskaraz-en eskaera» —halako 24.200 baino gehiago jaso dituzte—.
Euskararentzat egun berezia da gaurkoa, 24. Korrikaren amaiera dela-eta Bilboko kaleak bete egingo baitira. Katarsi kolektibo baten gailur pozgarri bat irudikatuko da hor. Euskal hedabide askok elkarrekin emango dute amaiera hori bai telebistaz eta bai Internet bidez. «Eskerrak euskaldunak garen», jaurti du Nafarroako gazte batek, lekukoa eraman eta gutxira.
Baina bihar ere erdarak beteko ditu inguruko kaleak eta pantailak. Eta, bihar eguerdirako, Donostian agerraldi batera deitua dute hainbat eragilek, ETB3 itxi izanaren inguruan adierazpen komun bat egiteko. Herria ez dago geldi. «Eskerrak euskaldunak garen».