Aurreko batean, ospakizun batean, orgasmo intziriak entzun ziren mahaian... jakiaren zapore gorenaren eraginez. Herritar batzuen kitzikapena deskribaezina da, hala nola norbere kirol taldeak irabazten duenean —kasurako, Baskonia saskibaloi taldeak otsailaren 22an Espainiako Kopako finala irabazi zuenean—. Bada bihotzak bor-bor egin zionik bere aktore kutunak Goya saria irabazi zuenean. Eta bada kitzikatu denik TVEko La Revuelta saioan euskal kantariren bat agertu denean —azkeneko hilabeteetan Pello Reparaz, Izaro Andres eta ETS taldekoak azaldu dira, besteak beste—. Errespetatu beharrekoa da aldamenekoek eta ingurukoek zerekin asetzen duten sexu apeta, betiere inori kalterik egiten ez badiote.
Bestalde, pantailak eraso militar inperialistaz bete dira urtea hasi zenetik. Iritsiko dira horren ondorioak ere. Baina, bitartean, beharrezkoa da bizitza gauza pozgarriekin betetzea. Eta oso osasuntsua. Horra ba: datorren ostegunean abiatuko da 24. Korrika, Atharratzetik (Zuberoa). Orgasmo kolektibo ozen baten parekoa ez al da ba Korrika? AEKri emango dizkio nahikoa lan eta buruhauste, baina herritar euskaltzale ugarirentzat bizipoza pizteko abagunea da Korrika. Pantaila ugaritara ere iritsiko da 24 orduko zuzeneko emanaldia, eta droneekin hartutako irudiak tartekatuko dituzte aurrenekoz.
Korrikaren azken aldietan egin bezala, euskarazko komunikabide nagusiek telebista saio bateratua egingo dute Korrikaren hasieran, eta irratsaio bateratua ere izango da. Hilaren 29an ere egingo dituzte emankizun bateratuak, Bilbon, Korrikaren amaieran. Ahalegin kolektibo baten fruitu dira saio horiek, eta atzean dauden profesionalen lana ere ez da makala. Korrikak irauten duen hamar egunetan, era berean, euskarazko komunikabide bakoitzak bere eskaintza berezia egiten du.

Euskarazko komunikabideek eta herritarrek bat egiteko epe ederra ere bada Korrikarena. Xalbat Alzugarai BERRIAko kazetariak Uhin herrikoietatik, uhain sozialera artikulua idatzi du Behategiko urtekarirako. Eta bertan jaso duenez, Iparraldeko Euskal Irratiek zuzenekoak egiten dituzte ekitaldi kolektibo handietan: adibidez, Herri Urratsen eta Nafarroaren Egunean. «Orduan, Korrikak bezalaxe, irratiko zuzenekoak ere euskal hiztunon arnasberritzean eragiten du, baina baita euskara ez dakien jendearengan ere, sentsibilizazio tresnaren funtzioa hartuz».
Milioi bat hiztun
ETB1eko Tribuaren berbak saioan Korrikari buruzko atal berezia emango dute asteazkenean. Hilaren 25ean amaituko da programa horren denboraldia, eta, egia esatera, primerakoa izan da Orio Produkzioak ekoiztetxeko lantaldeak telebistara ekarritakoa. Hamar urtez eman gabe izan ostean, ETBk abenduaren 3an berreskuratu zuen programa. Euskararen bueltako askotariko gaiak landu dituzte, eta elkarrizketa oso interesgarriak egin, formatu arin bat erabiliz.

Datu batzuk modu grafikoan eman dituzte asteotan. Eta beste batzuk elkarrizketatuen ahotan entzun dira: Eneko Gorri soziolinguistak aipatu zuen Ipar Euskal Herrian biztanleen %82k bat egiten dutela euskara koofiziala izatearekin; Paula Kasares soziolinguistak nabarmendu zuen Nafarroako ikasle gehienek ez dutela eskola bidezko igurtzirik eta harremanik euskararekin, eta hori «biziki kezkagarria» dela.
Zenbat euskaldun gara? atalean, bestalde, batetik eta bestetik datuak biltzen aritu ziren Kike Amonarriz Gorri eta Izaro Arruti Agirreurreta. Ondorioa: milioi bat euskaldun badirela. X sare sozialean izan ziren kritika batzuk datu hori auzitan jartzen zutenak. Eta saio hartan bertan, Nerea Azurmendik aipatu zuen berriro definitu edo aztertu behar dela gaur egun zer den euskaldun izatea. Kontua da datozen bi asteetan Korrikan bat egiten duen jendetza ikusita, milioi bat euskaldun ez, baizik eta hiru milioi euskaltzale dauden inpresioa ematen duela. Pizkunde bat behar badu euskarak —eta behar du—, ondo etor daitezke definizio eta azterketa guztiak, noski. Bi aste barru amaituko da Tribuaren berbak-en denboraldia, eta ongi etorriak lirateke saioaren beste denboraldi batzuk datozen urteetan. Euskara gara. Eman eta hartu lekukoa, tinko.