'Tribuaren berbak' itzuliko da bihar ETBra

Kike Amonarriz Gorriarekin batera, Izaro Arruti Agirreurreta ariko da saioko gidari lanetan. Denboraldiak hamabi atal izango ditu, eta aurrenekoa Londresen grabatu dute.

Kike Amonarriz Gorria eta Izaro Arruti Agirreurreta 'Tribuaren berbak' saioko aurkezleak. ETB
Kike Amonarriz Gorria eta Izaro Arruti Agirreurreta 'Tribuaren berbak' saioko aurkezleak. ETB
urtzi urkizu
2025eko abenduaren 2a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamar urtez isilik izan dira, baina bueltan dira Tribuaren berbak. Orio Produkzioak ekoiztetxearen programak hamabi atal izango ditu denboraldi berrian, eta bihartik aurrera saioa asteazkenero emango dute ETB1en. Kike Amonarriz Gorria saioko zuzendari eta aurkezleak Izaro Arruti Agirreurreta izango du alboan aurkezle lanetarako, eta zuzendaritzan Luis Oiartzabal —Herri txiki, infernu handi-ko zuzendaria— ariko da Amonarrizekin batera.

Frantses eta ingeles filologian lizentziaduna da Arruti. Programaren ahotsa izateaz gain, Interneteko sare sozialetako aurpegia izango da, eta saioko hainbat atal aurkeztuko ditu. Kasurako, kale inkestak eta elkarrizketak egingo ditu hainbat hizkuntzatan.

Amonarrizek azaldu duenez, ETBren oraingo zuzendaritzak hala eskatuta itzuli da Tribuaren berbak. «Lantaldea osatzeko aukera izan dugunean, eta neronek ere posibilitatea ikusi nuenean, martxan jartzea erabaki genuen». Hautaprobak egin zituzten aurkezle berria aukeratzeko, eta Arruti hautatu zuten. «Hizkuntzaren mundutik zetorren pertsona bat delako, kamera aurrean oso ongi moldatzen zelako eta programako edukiekin bat zetorren soslaia zuelako», aipatu du Amonarrizek.

Arruti soziolinguistika arloan murgiltzen hasi zenean, Tribuaren berbak saioko materiala deskubritu zuen. «Erreferentziazko material bezala izan dut urteotan, eta programan lantzen diren gaietatik hurbil ibili naiz». Amonarrizek aipatu du aurreko etapan bezala jarraitu nahiko luketela: «Saio entretenigarri bat egin nahi dugu, dibulgatzailea, motibatzailea eta informatzailea. Saioaren helburua da jendeak hizkuntzaren gaiaren inguruan ondo pasatzea telebista ikusten, baina baita ere jende hori formatzea eta jende hori aktibatzea euskararen alde». Euskararekin edo hizkuntzarekin interesatuta dagoen jendearengana iritsi nahi dute. «Baina baita interes gehiegirik ez daukan jendearengana ere». 

Beste alde batetik, saioa ez da telebista emankizunera mugatu izan. Aurkezleek gogoratu dute saioko materialak erabili izan dituztela euskaltegietan, unibertsitateetan. «Nahiko genuke atal berriek bigarren erabilera hori izatea, iruditzen zaigulako badela material bat urteetan erabil daitekeena», azaldu du Amonarrizek.

Interneteko sare sozialetan eskaintza berezitua egingo dutela iragarri du Arrutik: «Saioko eduki batzuk egokitu, eta sareetarako pilula formatuan emango ditugu. Eduki berezi horiekin, interakzioa bilatu nahi dugu. Hausnarketa ere bai». 

Baliabide teknikoei dagokienez, «adimen artifizialarekin gauza batzuk» egin dituztela aipatu du Amonarrizek. «Datuak, bestalde, oso modu bisualean eskaintzen saiatuko gara. Droneak erabiliko ditugu. Eta efektu bereziak sartuko ditugu».

Londresen hasiko dira

Hizkuntzen mundua izenburua aukeratu dute denboraldiaren hasierarako, eta Londresen abiatuko dute emanaldia. Arruti eta Amonarriz Ingalaterrako hiriburura joango dira, eta bertan bizi diren euskaldun batzuekin hitz egingo dute. Ali Robinson Ethnologue erakundeko ordezkariak euskara munduko hizkuntzen artean non kokatzen den azalduko du; Elin Haf Jones European Language Equality Network erakundeko presidentea ere euskaraz mintzatuko da; eta Jon Sindreu The Wall Street Journal-eko ekonomia kazetaria eta Garazi Goia ikus-entzunezkoetan aditu eta aholkularia ere elkarrizketatuko dituzte.

Amonarrizek aipatu duenez, Big Ben eraikinaren parean 23 errotulu daude, 23 hizkuntzatan. «Eta horietan, euskara da estatu hizkuntza ez den bakarra». Han den plaka ikusi ahalko da programan.

Kike Amonarriz eta Izaro Arruti Tribuaren berbak saioko aurkezleak
Izaro Arruti Agirreurreta eta Kike Amonarriz Gorria 'Tribuaren berbak' saioko aurkezleak. ETB

Denboraldiko bigarren atala frankismoari buruzkoa izango da. Hirugarrenean, berriz, euskararen etorkizunari begira jarriko dira.

Arrutik iragarri duenez, atal batzuk zehatzagoak izango dira: «Nafarroaren inguruko bat, Iparraldeari buruzko beste bat, gazteen gaineko saio bat». Azkeneko atala, berriz, Herrialde Katalanetan grabatu dutela aipatu du. «Andorrako Kultura ministroa elkarrizketatu dugu, eta Perpinyan ere bisitatu dugu».

Tribuaren berbak saioko lantaldean aritzea «plazera» dela nabarmendu du Arrutik. «Aipatuko nuke, lantalde teknikoaz harago, programetarako elkarrizketatu dugun jendea ilusio handiarekin dagoela euskararekin lotura duten egitasmoetan jarraitzeko». Martxoaren hasieran amaituko dute denboraldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.