urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Berbetatik Korrikara (II)

2026ko martxoaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sasoi nahiko onean da Kike Amonarriz Gorria, joan den asteazkeneko Tribuaren berbak saioan maldan gora baitzihoan korrika, Izaro Arruti Agirreurretak Korrikaren furgonetan animoak ematen zizkion bitartean. Baina pentsa zenbat egin duen izerdi eta korri Amonarrizek euskararen bueltan, saio berean Urtsa Errazkini eta Maddi Kanpori erakutsi baitzizkien 1980ko lehen Korrikatik gordetako altxor batzuk. 46 urte joan dira ordutik, eta Arrutik eman zuen datua: 24 Korrika hauetako guztiak batuta, 50.000 kilometro baino gehiago dira. «Korrika zerbait bada, emozioa da», azaldu zuen Amaia Ruizek —Korrikak sortzen duen emozioei buruzko gradu amaierako lana egin zuen, 2024an—. «Tsunami bat da», aipatu zuen Maddi Kanpok.

Euskara gara Korrika atala, ETB1eko saioko denboraldiko azken-aurrekoa, Atharratzen (Zuberoa) amaitu zen. Eta han mintzatu ziren Haitz Capot-Thormaria Korrikaren Zuberoako arduraduna eta Margita Keheille Korrikaren abiatzearen koordinatzailea. Euritan egin zizkien galderak Arrutik. Ateri eta epel argitu zuen, ordea, osteguna, 24. Korrika abiatu zenean. Aitzakiarik ez.

'Tribuaren berbak' saioaren atal berezia Korrikaren ingurukoa, osorik.

Abiatu baitzen ostegunean, 15:30ean, giro ederrean Atharratzetik Korrika. Eta euskarazko hainbat komunikabidek elkarrekin egin eta eman zuten emankizun bateratua. Aurkezleak Ilaski Serrano (ETB), Naroa Iturri (Hamaika) eta Pantxika Maitia (Kanaldude) izan ziren, eta berriemaile lanetan aritu ziren Leire Casamajou (BERRIA), Julen Murua (Goiena) eta Mireia Galartza (Guka). Askotariko gonbidatuak izan zituzten emankizunean, eta Zuberoako errealitateaz printza batzuk jaso ahal izan zituzten ikus-entzuleek. Hala, saioan mintzatu ziren, besteak beste, Basaburuko ikastolako Joana Arhancet, Azia elkarteko Marie Arrosagarai, Berritza elkarteko Mathieu Aristoi, Joanes Etxeberria kazetaria... eta euskararen bi militante beterano: Solange Chimix eta Jean-Jacques Agergarai. Euskararekiko bizipoza transmititzen aritu ziren.

Droneekin hartutako irudiekin zenbaitetan abusatu egiten da. Baina Atharratzeko emankizunean egoki erabili ziren, eta herriko plaza zerutik nola ikusten zen erakustea hautu egokia izan zen oso. Beste irudi eder batzuk ere utzi zituen saioak. Emankizun osoa sarean ikusgai da.

Euskal hedabideen saio bateratua 24. Korrikaren abiatzean, osorik.

Laugarren eguna du gaur Korrikak. Akaso, gau hauetan herritar bat baino gehiago insomnioak jota ohetik jaiki eta telebista piztera abiatuko zen, Korrikaren zuzeneko seinalea ikusteko. Bati baino gehiagori gertatuko zaio gauza bera, ziur aski. Egongo da, halaber, gosaltzen, bazkaltzen eta afaltzen duen bitartean Korrikaren seinalea bistatik kenduko ez duenik, eta soinean duten arropa janariarekin zikintzeko arriskua areagotu egingo da.

Aurtengo Korrikaren irudiek non amaituko duten... auskalo. Behintzat, jakina da Ander Iriarte zinemagilea —Karpeta urdinakJalgi hadi dokumentala filmatzen ari dela Korrikako egunotan. Pro Go kamera batekin ari da herritarren esperientziak jasotzen. Euskararen iragana, oraina eta etorkizuna irudikatzea du ardatz dokumentalak. Halaber, Iriartek deia egin du herritarrek euskara eta Korrika haientzat zer den bideoetan konta dezaten —jalgihadi.wetransfer.com helbidera bidali behar dira—. Sustatzaileen asmoa da dokumentala 2027ko Donostiako Zinemaldian estreinatzea.

Urrun dago, ordea, 2027a. Eta ukaezina da Korrikaren lehen egunetan zabaldu den bideo zoragarrietako bat lekukoa Nafarroara Luzaidetik igaro zenekoa izan dela. Gauez, dantzan eta lekukoarekin. Eta irrintzi hori!

24. Korrika, Luzaiden (Nafarroa), ostegun gauean.

Bilbo ere urrun dago oraindik. Hor jarraituko dute lasterketaren berri ematen BERRIAko Irati Urdalleta Letek eta Ainara Rodil Jaimek —bertsorik ez da faltako egunkariko eskaintzan—. Hamaikan saio bereziak egingo dituzte Korrika hiriburuetara iristean. Eta iritsiko dira une gogoangarri gehiago. Oztopoak gaindituz, bizi doa Korrika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!