Xabier Landabidea Urresti.
Komunikazioa eta gu

Bit artekaritza II

2026ko irailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den astean Pariseko Saint Cloud parkean kokatu zen Rock en Seine musika jaialdia aipatu nuen, zuzeneko musikaren mediazio digitalaren adibide bezala. Pantailak eta bozgorailuak aipatzen nituen, zero eta batez osatutako kateak, natural eta normal prozesatzen amaitzen dugula adierazteko. Zuzeneko gertakizuna digitalki orkestratutako argi eta soinuzko geruzen bidez bizi izan genuen bertaratutakook, eta esan liteke gertakizunaren formatua bera, eskalatik bertatik hasita, ezinezkoa litzatekeela ikus-entzunezko mediazio digital hauek gabe. Jaialdia bera ezberdina litzateke teknologia hauek gabe: espazioa bera oso bestela antolatuta legoke, artisten proposamenak ere diferenteak lirateke audio-bideozko anplifikaziorik gabe eta abar eta abar.

Aipatu gabe utzi nuena, baina, musika jaialdi horretara sartu eta bertan mugitu-kontsumitu-izan ahal izateko erabili behar izan genituen aplikazio kopurua izan zen. Eta ez da auzi txikia: sarrerak erosteko aplikazio bat behar izan genuen. Behin barruan, kontzertuen ordutegiak jakiteko beste aplikazio bat. Edariak edo janaria erosi ahal izateko, cashless (diru solterik gabeko) sistema, zeinean eskumuturrean generamatzan QR kodeen bidez euro digitalak jaialdiko kreditu bilakatu behar genituen, birkarga bakoitzeko euro eta erdiko muga-zergak ordainduz. Eta azkenik motxila, euritako, arropa edo beste ezer takiletan utzi nahi izanez gero laugarren aplikazio bat.

Software instalazio bakoitzak gure datu pertsonal, gure mugimendu, gure erabaki, gustu eta bestelako aldagaien inguruko informazioa utzi zuen auskalo zenbat partner-en esku. Ez dakigu, ez genituen letra txiki guztiak irakurri, beste zerbaitetara geunden. Eta hala, Saint Cloud parkea, lorategi harrigarria dena bidenabar, Neptuno eta Venus eta Jupiter eta Atalanteren estatuaz jositakoa, bestelako lorategi bilakatu zitzaigun oharkabean: hormatutako lorategi digitala. Zinez gozagarria, baina diruak ez ezik datuak ere erauzteko diseinatutakoa.

Badalab Hizkuntza Berrikuntzarako Laborategiak (Kontra)zirkuituak. Euskal musikagintzaren tentsioak, distentsioz jardunaldiak aurkeztu berri ditu: Euskal Herrian zehar gertatuko diren zortzi saio. Arrazoia dute: helduleku funtsezko bihurtu zaizkigu musika jaialdiak, beste guztia pentsatzeko.


 


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA