Gustatzen zaizkit inguruko erdaretako medium, medio, média, mídia bezalako hitzak. Latinetik datoz noski, eta erdian esan nahi dute jatorriz. Bi gauzaren erdian, tartean dagoen zerbait litzateke mediuma, biziaren eta hilaren edo igorlearen eta hartzailearen erdian normalean. Euskaraz ordea bide hitza aukeratu izan dugu eta komunikabideei eta hedabideei buruz hitz egin dugu batez ere erdaretako medio hauek izendatzeko.
Lagunekin Paris bisitatzeko zorte handia izan dut aurtengo udan, eta kultur turismo dei genezakeenaren bi gertakizunek arreta eragin didate. Lehena Orsay museoa izan da, batez ere Frantzian sortutako XIX. mendeko arte plastikoak biltzen dituena. Museo osoa da zoragarria, eta benetan merezi du bertan galtzea, baina harritu nau bisitarien artean zenbatek —neuk ere bai, Milleten Angelusaren aurrean selfie bat atera nuen— gailu digitalekin argazkiak atera dizkiegun bertako lanei, artelan horien kalitate askoz handiagoko argazkiak eskura izango ez bagenitu bezala. Van Goghen autorretratuari nork bere argazkia ateratzen ikusi ditut hogei, berrogei, ehun, berrehun turista.
Bigarrena Rock en Seine musika jaialdia izan da. Egunean 40.000 lagun inguru batzen dituen gertakizuna. Artista askoren artean Rhian Teasdale edo Nick Cave bezalako rockaren basapiztiak zuzenean entzun eta ikusi ahal izan ditugu bertan, baina ikus-entzute hau teknologien bidez bitartekatua, mediatua izan da goitik behera. Teasdale eta Cave han genituen, eszenatoki gainean, urrun samar baina erreal. Baina baita bi, lau, sei pantaila erraldoiekin —eta nork daki zenbat bozgorailu sinkronizaturekin— hurbilago baina diferituan ere —segundo erdiko atzerapena igartzen nien nik—. Eta argazkiei ere argazkiak atera dizkiegu noski.
Izan ere egungo artekaritza lanik handiena bit eta byte-en bidez egiten da. Ia dena ageri zaigu digitalki mediatua: urrundua, hurbildua, anplifikatua, isildua, aukeratua, baztertua, gomendatua, ezkutatua. Bit artekaritza berriak erabat normaldu, naturalizatu ditugu, eta lag apur bat dagoenean, glitch edo erroreren bat sortzen denean soilik egiten zaizkigu sarritan ikusgarri. Ordura arte, edo bit artean, ikusezin, natural, ezinbesteko, beharrezko.