urtzi urkizu
Pantailen artetik

Bizkaiko Foru Aldundiak babestua

2026ko urriaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 2an estreinatu zuen HBO Max plataformak Kill Jackie akziozko fikziozko telesaila. Euskal Herrian filmatua da, Galesko Catherine Zeta-Jones izarra aktore protagonista eta ekoizle duela, eta tapiz gorria jarri zioten Bilboko eta Bizkaiko erakundeek irailaren 29an. «Bilbok dena dauka», esan zuen, pozik, aktoreak. Ohar txiki bat irakurleei: datozen lerroetan spoiler txikiren bat irits daiteke. Baina batez ere Euskal Herriarekin eta hizkuntzarekin lotutako abisuak doaz testuan.

Ordainpeko plataforman play eman. Eta atal guztien hasieran, beti agertzen da ekoiztetxeen izena: Fremantale eta Steel Spring Picttures. Berehala, pantaila osoan: Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Audio aukeran: jatorrizko ingelesa, eta gaztelaniazko bikoizketa. Azpidatzien aukeran: ingelesa eta gaztelania, besterik ez.

Lehen atalaren hasiera: 'Bilbo, Spain'. Amaieran, berriz, 'Bilbo, Spain'. Eszenen %75 Bizkaian grabatu dituzte.

Catherine Zeta-Jones 'Kill Jackie' telesailean, Bilbon. HBO MAX
Catherine Zeta-Jones Kill Jackie telesailean, Bilbon. HBO MAX

Bigarren atalean, bi esaldi euskaraz. Ertzain bat komisaria batean, «ezin da» esaten. Hattie Hook aktore australiarrak ere ikasi ditu euskaraz bi esaldi.

Hirugarren atalean, Gaztelugatxeko eskailerak. Binilo denda batean, Aritz Kortabarria aktore gaztea dendari lanetan —Odol ilargia telesaileko protagonistetako bat—. Protagonistak Zig edo Ziggy deitzen dio Oscar Jaenadari, baina pertsonaiaren benetako izena Zigor Zabaleta da. Z, txartel batean.

Laugarren atalean, euskaraz egiten du Oihan Carramiñanak, patinete elektriko batean: «Eskerrik asko telefonoagatik, andrea!».

Eskerrak txarra den

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak grabaketaren inpaktu ekonomikoa nabarmendu zuen irailaren 29an: kalkulatu dute 258 milioi euro inguru utziko dituela Bizkaian. Ez da mauka.

Seigarren atalean: San Sebastian, Spain; Pamplona, Spain —nahiz eta Iruñea ez den ageri, etxe handi bat baizik—; eta berriro, Bilbao, Spain. Aurreko atalen batean, Bilboko irudi panoramikoetan musika flamenkoaren itxurako doinu huts batzuk.

Zazpigarren atalean: doinu urbanoak badatoz, eta Juantxo Arakama al da entzuten dena? Gazte gaizto samar batzuk, euskaraz: «Bahitu dezagun putakume honen aita, eta diru mordoa aterako diogu». Baina lekura iristean... «Norbait aurreratu egin zaigu, nagusi!». Baina ez hori bakarrik, aizue. Oihan Carramiñana eta Yago Sanzu aktore gazteen artean bi solasaldi, euskaraz, non 36 hitz entzuten diren euskaraz. Hortaz, 50 hitz euskaraz atal bakarrean! Ba, telesail osoan gaztelaniaz entzuten direnak baino gehiago. Azken hitza, 51.a: «Korri!».

Zortzigarren eta azken atalean: Bardea (Nafarroa), baina Spain gabe. Bilboko azken postalak, eta bapo. Ahazteko moduko enretenimendua. 

Oscar Jaenadak Zigor Zabaletarena egiten du 'Kill Jackie' telesailean
Oscar Jaenadak Zigor Zabaletarena egiten du Kill Jackie telesailean. Irudian, Catherine Zeta-Jones protagonistarekin batera. HBO MAX 

Kill Jackie izango da ziur aski Euskal Herrian filmatu den telesail garestienetakoa. Kaskarrenetakoa ere bai. Zeren HBO zigiluko batez besteko telesailekin alderatuz gero, oso maila apalean dago Zeta-Jonesen ekoizpena. Akziozko generoko klixe guztiak betetzen ditu, baina graziarik gabe, eta pertsonaiek ez dute mami handirik. Une batzuetan, lotsaz gorritzekoa ere bada telesaila. Eta Zeta-Jonesek luzitzeko momentuak badaudela agerikoa da, bai, baina garai batean egin zituen dezente lan hobeak Galesko izarrak. Bizkor eta arin ikusten dela, hori ezin uka, dena den.

Kontua zera da: albiste pozgarria dela Kill Jackie telesaila txarra izatea, zeren, lan oso ona balitz, eta nazioartean Game of Thrones-ek izan zuen sona izango balu, telesail berriak erakarritako beste turista saldo ugaria iritsiko litzateke Bilbora, Bizkaia zubira (Portugalete-Getxo), Gaztelugatxera —gehiago, oraindik?—, Bardera, Donostiako Kontxako badia ikustera. Kill Jackie-ren ibilbideen free tour baten premian dago Euskal Herriko sektore turistikoa? Ez, arren!

Eta kontua zera ere bada: Bizkaiko ahaldun nagusiak nabarmendu duela nazioarteko ekoizpenetarako «erreferentziazko lurralde gisa» egonkortu nahi dutela Bizkaia. Etorriko dira, beraz, plataforma gehiago ekoizpenak grabatzera. Ea horietan, bederen, okurritzen zaien audio eta azpidatzien aukeretan euskara jartzea. Jauzi txiki bat litzateke.

Gaiak
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA