«Uda joan da ta». Egunak motzago, eta ETB1rako aurrekontua eskasagoa dela asma dezake ohiko ikus-entzuleak. Udako programazioan, bederen, saio berri bakarra izan zen euskarazko katean: Zure bizitzako kontzertua. Baina ekoizpen grabaketa berri bakarra han Joseina Etxeberriaren aurkezpenak ziren, bestelakoan aurretik grabatutako kontzertuak baitziren. Kontzertu onak, zalantzarik ez. Baina euskarazko programazioan, berritasun bakar bat ere ez.
Etorri da ba udazkena-edo. Eta Euskal Telebistak Gasteizko FesTVal jaialdian aurkeztu zuen ikasturte berrirako programazioa, irailaren 8an. Aurkezle aldaketa bat —Armintz Gorrotxategi Joseba Argiñanoren ordez, Sukalerrian saioan— eta arratsaldeko magazinaren iraupena luzatzea —Biba zuek! magazinak aurten 15:15etik 19:00etara irauten du; ia lau ordu—. Horiek, itxuraz, aurkeztu zituzten berrikuntzak. Programa berririk ez, oraingoz. Gaueko tartean, bestalde, Gaupasa-ren ordutegia 21:45era aurreratu dute. 2024ko azaroan ere prime time-a goizago jarri zuen ETBk, baina ikusle datuek ez zuten funtzionatu, eta handik aste batzuetara 22:30eko ordutegira itzuli ziren prime-time-ko saioak. Egun, lantalde berak osatzen du astearte, asteazken eta ostegun gaueko ordutegi nagusiko tartea. Batzuek ikusiko dute Gaupasa-rekin fideltasuna lortzeko ahalegin bat. Eta izango da sosak aurrezteko erabakia dela esango duen baten bat ere.

Merke antzean ekoitzitako telesail berriak ari dira estreinatzen 2026. urte honetan Primeran plataforman, ordea. Eta haiei erreparatu beharra dio ikusle euskaldunak. Nahiz eta kurioski Gasteizko FesTV jaialdian ETBko zuzendaritzak ez zituen aipatu ez iragarri udazkenerako eta negurako datozen telesail berriak. Balirudike Primeran-eko estreinaldien komunikazio estrategia eta telebista konbentzionalarena bide paralelotan doazela une batzuetan, nahiz eta ez den hala: Donostiako Zinemaldiaren testuinguruan, asteazkenean aurkeztu zuten EITBk eta Primeran-ek Odol ilargia, eta han EITBko zuzendaritzako bi ordezkarik hartu zuten hitza. David R. Losadak zuzendutako bost ataleko fikzioa da, thriller bat —Losadak berak eta Mikel Alvarezek sinatzen dituzte gidoiak—. Lehen bi atalak herenegundik ikus daitezke Primeran-en; datorren ostiralean jarriko dituzte hurrengo biak; eta urriaren 8an, bosgarren eta azkenekoa.
Ez da zuria
Odol ilargia-k baditu bertute batzuk. Nabari zaizkio gabezia batzuk ere, neurri batean baliabide ekonomiko txikien eraginez. Bertutetzat jo daiteke ez dela gazteen euskarazko fikzio zuri bat; badu iluntasuna, eta baditu beste herrialde batzuetako gazteek protagonizatutako fikzio batzuen kodeak ere. Lehen minutuetan, ikusleren bati kosta egingo zaio pertsonaia batzuen hizkerarekin bat egitea. Belarrian erdi-trakets sartzen dira ahozko pasarte batzuk. Hala ere, gidoiak oso txukunak dira, eta sumatzen da istorio interesgarri bat kontatzeko ahalegina. Merezi du pazientzia izatea, eta istorioan barneratzen jarraitzea, azken ataleraino iritsi arte. Hasieratik bukaeraraino, gordin garatzen den kontakizun iradokitzaile bat gordetzen baitu bere barnean. Kartzelan urte batzuk egin ostean, gazte batek txikitako lagun bati larruzko koaderno bat eman, eta eskatuko dio bere bizitza berriro idazteko. Trauma sakon bat dago hor, funtsean.

Eguzkiak, Lurrak eta Ilargiak lerrokatzean, Lurraren atmosferak argi gorria soilik proiektatzen du Ilargiaren gainazalera. Halako gau baten testuinguruan proposatzen ditu Losadak istorioan gako diren momentuak. Baina, esan bezala, merezi du amaiera arte telesaila ikusten jarraitzea. Ezustekoak iritsiko baitira bizitza berriro idaztean. Mereziko lukete Alvarezek eta Losadak euskarazko telesail berriak idazten jarraitzea.Â
Iaz, Donostiako Zinemaldian, loriatsuago estreinatu zuten Zeru ahoak. Ondotik, neska-mutikoek Go!azen eta Irabazi arte telesailen denboraldi berriekin gozatu ahal izan zuten. Eta Primeran-ek aurtengo udaberrian Argi gorriak, Piztiak eta Tamara ta Mara telesail laburrak estreinatu zituen. Grabatuta daude Formatu txikiak, talentu berriak deialdiko beste bost telesail. Grabatua dago umorezko Superra fikzioa ere. Baina ez dute argitu noiz estreinatuko dituzten. Â

Â