urtzi urkizu
Pantailen artetik

Cannestik Itzagaondoraino

2026ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maia Iribarne Olhagarai musikari eta zinemagilea (Lasa, Nafarroa Beherea, 1995) Cannesko Marche du Film topaketan ibili da egunotan, Altxaliliak dokumentalerako bidelagunen bila —oraingoz, badu Gastibeltza eta Doxa ekoiztetxeen babesa—. Baserritar giroko euskaldun queerrak eraman nahi ditu pantaila handira,  Ipar Euskal Herriaren barnealdeko herri txikietakoak. 

Amaitu da Cannes. Eta hara joan ezin izan denak behintzat aukera izan du etxeko epelean Carla Simon katalanak jaialdira eraman duen film laburra webgune batean ikusteko, debalde. Kosta Urdinera joan baino bi egun lehenago amaitu zuen Simonek Flamenco, eta ezin uka goxoki gustagarria denik. Rocio Molino dantzariak edozein bihotz uzkur berpiztu dezake.

Carla Simon Cannesko zinema jaialdian
Carla Simon zinemagile katalana Cannesko zinema jaialdian, maiatzaren 19an. SEBASTIEN NOGIER / EFE

Iaz, Cannesen, Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Bi Gan zinemagilearen Resurrection film txundigarriak. Hego Euskal Herriko aretoetara iritsi da berriki, eta Itsaso Jauregik Zinea-n idatzi duen moduan, «mugimenduan dagoen irudiaren ospakizun bat da» zinta. Mirari bat.

Filmin plataforman, berriz, bada film labur bat duela 25 urte Cannesko bisitariak zur eta lur utzi zituena: Music for One Apartment and Six Drummers (Ola Simmonson, Johannes Stjarne Nilsson). Hura ikustean, egun txar bat duen edonori loratuko zaio irribarrea behin behintzat (edo bitan).

Baina, noski, Cannesen areto batetik bestera bizi-bizi ibili dena Bego del Teso da, Thelma eta Louisen babespean. Aipatu zituen kontu batzuk BERRIAko ostiraleko artikuluan, baina ez denak. Beste batzuk ere kontatuko ditu Gros auzoko motorista errebeldeak.

Docs Barcelona jaialdiko lanak

Kataluniako hiriburura joan gabe ere, Filminen harpidedunek egunotan aukera dute Docs Barcelona jaialdiko hamasei dokumental ikusteko. Tartean da Ainhoa Ordoñez Iraolagoitiak (Gasteiz, 1996) zuzendutako Habana industrial —Kimuak-eko katalogoaren parte da—. Gaueko bidaia bat proposatzen du Kubako hiri horretan zehar.

Ainhoa Ordonezen Habana industrial film laburra
Ainhoa Ordoñezen 'Habana industrial' film laburraren irudi bat. Filmin plataforman dago ikusgai. FILMIN

Bestalde, azkeneko urteetan Hungarian prentsa askatasunak zer-nolako oztopoak izan dituen jakin nahi duenak hortxe du 80 Angry Journalists dokumentala (Anna Kis, Andras Foldes). Nahiz eta ikuspegi formaletik lana erdipurdikoa izan, interesekoa da jakitea Index hedabide digitalarekin zer gertatu zen: duintasunagatik, laurogei kazetarik egunkari hori utzi zuten, eta haietako 70ek Telex hedabidea sortu zuten gero.

Zerga hobariak norentzat

Maiatzaren 14an, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskaraz-ek azterketa bat aurkeztu zuten. Lerroburua argia zen: Euskal Herriko zinema areto komertzialetan 2025ean estreinatu ziren filmetatik %2 izan ziren euskaraz. Bada, ordea, beste datu bat gogoratzeko modukoa: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek zerga pizgarriak ematen dituzte zinema ekoizpenetan inbertitzeagatik, eta 2024an Araba, Bizkai eta Gipizkoan filmatzeko jarri ziren 83 milioi euroetatik 70 milioi euskaraz bestelako hizkuntzetan sortutakoentzat izan ziren. Hobari fiskal horietaz baliatu zen, kasurako, La infiltrada filma (2,45 milioi euro), eta iaz, Un fantasma en la batalla (4,2 milioi euro). La infiltrada egin zuten ekoiztetxekoek El confidente filmatu dute egunotan Gipuzkoan, Daniel Kalparsoro zuzendari dela —Faisan auziaren ingurukoa da ekoizpena, eta herenegun amaitu zituzten grabaketak—.

Asteon, berriz, jakinarazi dute Miguel Angel Blancoren hilketaren inguruko film bat ekoitziko duela Kiko Martinezek; Felix Biskarret (Iruñea, 1975) izango da zuzendaria. Jon Sistiaga kazetaria da egitasmoaren aholkularietako bat, eta, hain justu, Sistiagak berak egindako Miguel Ángel Blanco: Las 48 horas que lo cambiaron todo dokumentala (Netflix) estreinatuko dute irailean. Hilabete horretan hasiko dira filmatzen Kiko Martinezen filma. Baina badira beste proiektu batzuk ere PPren Ermuko (Bizkaia) zinegotziaren hilketaren ingurukoak —1997ko uztailean hil zuen ETAk—. Fikziozko beste film bat egitekotan dira. Eta telesail bat ere bai, Blancoren hilketaren egunetan girotua, baina thriller generokoa. Lau egitasmo oraingoz...

Helena Bengoetxearen Petrus dokumentala
Helena Bengoetxearen 'Petrus' dokumentala Nafarroako Itzagaondoa herrian filmatu dute. HARURU FILMAK

Datorren asteari begira, bestalde, gomendio bat irakurleentzat: Helena Bengoetxearen Petrus dokumentala. Bilboko Zinebin estreinatu zuten, eta datorren astean aurkezpen berezi bat egingo dute Iruñean. Hilaren 27tik aurrera izango da ikusgai aretoetan. Joseba Lekuona harginarekin, Simeon Hidalgo Petrus museoaren sortzailearekin eta Elsa Plano Itzagaondoko (Nafarroa) alkatearekin egindako bidea benetan da ederra. Benetan da atsegina, aberatsa eta patxada eragilea. Plano alkateak administrazioaren inguruan esaten dituenak ere ez dira makalak. Harribitxi bat da filma, herritar gutxi bizi den parajeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA