Xabier Landabidea Urresti.
Komunikazioa eta gu

Erratak

2026ko urriaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inoiz ezer argitaratu duenak badaki erratak agertu egiten direla. Ez dira meigak bezalakoak, zeinak izan badiren, ez zehazki. Erratak berez ez daude, ez dira... agertzen diren une justura arte. Badute fotoiek eta fonoiek nola, halako izaera kuantiko eta zehaztugabe bat, egoera batetik edo existentzia modu batetik bestera igarotzea ahalbidetzen diena. Lagun batek argitaratu berri duen liburuaren karira ziostan bezala, beharbada inprentan sortzen dira.

Pasa den astean zutabe honetan bertan Alan Moore Grant Morrisonekin nahastu eta komiki ingeles idazle distiratsua eskoziar bilakatu nuen, beste komiki idazle distiratsu batekin nahastuta. Nire buruan argi nuen Alan ingelesa dela eta Grant eskoziarra, batek ile-bizar basatia duela eta bestea anpoila bezain burusoil dagoela bezain argi, baina argitaratutako testuak argi uzten du nik pentsatutakoaren eta idatzitakoaren artean zerbait gertatu zela. Glitch bat. Istripu bat. Distrakzio bat. Nahaste bat. Haluzinatze bat.

Behin argitaratuta errata aldatzerik ez nuenez (are gutxiago paperean) erretraktatzea Mastodonen argitaratu nuen, eta agian irakurriko zuten nik zer dakit, zazpi lagunek, hamaikak, ehunek. Existitu existitzen da zuzenketa, baina ez errataren pare. Ez errataren maila berean.

Errare humanum est latinezko esaldia Luzio Anneo Seneka filosofo erromatar zinikoari egozten diogu, erratzea edo huts egitea gizatiarra dela alegia. Baina garaiotan badakigu sormenaren eremu hori ere jada ez dela ugaztun sinbolikoon erreinu, makina berrienak ere erratu egiten direla. Geu baino askoz azkarrago gainera. Nahita ere ezingo genuke makinek bezain azkar erratu. Errare humanum et machinale est esan beharko dugu agian hemendik aurrera.

Kezkatzen nau uzten ari garenaren arrastoak, errata bat (edo e-rrata bat) auskalo zein ereduren entrenamendurako langai bilakatu daitekeelako, istripuak datu, eta hanka sartzeek errealitatea sor dezaketelako orain arte ezagutu gabeko abiadura eta bolumenetan. Baina lasaitzen nau pentsatzeak irakurtzean ere erratu egiten garela, nahi duguna edo ahal duguna irakurtzen dugula, ez halabeharrez begien aurrean dugun hori. Erratzea gure kondizioa da beharbada, eta erratak gure benetako arrastoa.

Gaiak
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA