Xabier Landabidea Urresti.
Komunikazioa eta gu

Eskatologiak, teleologiak, hiperstizioak

2026ko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alan Moore komiki gidoilari eskoziarrak badu hiru minutu inguruko bideo zoragarri bat Youtuben, Actual Magic in Action izenekoa (Benetako magia zuzenean) non magiari buruzko bere iritzi eta botereak aurkezten dizkigun. Kazetariak, normala denez, ez du bere ahalmen magikoetan sinesten eta diskurtso filosofikoaz aspertuta azkenerako gogoaren indar hutsez zerbait leherrarazi dezan eskatzen dio. Ez dizuet bideoaren amaiera izorratuko; ikusi, merezi baitu, ingelesez dagoen arren.

Total. Mundu materialean, zoritxarrez edo zorionez —nondik begiratzen diogun— magia ez da existitzen. Ez behintzat horrela, baina azkenaldian komunikazioaren eta informazioaren teknologia deitzen ditugunen gainean pentsatzeko orduan geroz eta gehiago oroitzen naiz termino magiko, mistiko eta erlijiosoekin. Apokalipsiarena adibide ezaguna da (badakizue, jatorrizkoan agerpena edo ageritakoa esan nahi zuena, baina geroz eta gehiago munduaren amaierarekin lotzen duguna): adimen artifizialak denok hilko gaitu, eta abar eta abar.

Baina eskatologia, gauzen azken patuaz arduratzen den teoriaren arlo hori, ez da munduaren amaierarekin agortzen. Hizkuntza Eredu Handiek posible egiten dituzten txatbotak gobernu, osasun sistema, unibertsitate, enpresa eta are, manifestazioetarako deien eta gaztetxeetako kartelen diseinuan sartu badira neurri handi batean teknologia hauen teleologia zehatz bati esker ere izan da: euskaraz gelditzera dator + ez dago gelditzerik paradoxarekin laburbildu genezakeena. Margaret Thatcherrek akronimoki jasoko zuen beharbada ondoen: TINA. Ez Dago Alternatibarik.

Kapitalaren errebelazio metafisiko eta tekno-mistiko hauek energiaren, planetaren eta nazioarteko finantzen funtzionamendu-legeei eutsiko dioten zalantzak ditut, baina aurrekoan Gorka Juliok Mastodonen zioen bezala, badugu gure hiperstizio propioak noranzko interesgarrietara begira laboratzeko aukera: gauzak aktiboki errealtzat hartuz erreal bilakatzea bilatzekoa alegia. Juliok berak BERRIAko Irlen sarea zutabean bertan zioen 2021ean (berak ere aurretik niri hartuta antza orduko Twitterretik): izango garelako gara.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA