benat erezuma
Funtzio sigmoidea

Filosofo langabetuak?

2026ko uztailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez zitzaidan erraza egin 18 urte nituenean aukera egitea. Eta oraindik neure buruari galdetzen diot zein izango zatekeen nire egoera kazetaritza ikastea hautatu izan banu. Gauzak aldatu dira hamarkada gutxitan. Garai hartan psikologia ikasketak zituzten askok bestelako bide profesional bat hartu behar izaten zuten alokairua ordaintzeko erabakia hartzen zutenerako. Lanbide Heziketaren bidea, orokorrean, porrotaren ispilu izan ohi zen etxe askotan. Nutrizio ikasketak aukeratzea langabeziaren ilaran txartela hartzearen bermea zen. Matematika ikasketak egin ondoren, litekeena zen irakasle lanetan bukatzea, soldata duina jasotzeko. Gizarte hezitzaileak ere langabeziara kondenatutako profesionalak izan ohi ziren.

Gauzak aldatu dira, bai. Urte haietan, herrian inor gutxi joaten zen gimnasiora. Batez ere errugbi jokalariak eta kulturistak izaten ziren bertako erabiltzaile nagusiak. Gaur egun, aldiz, gimnasioak erabiltzailez lepo daude. Fisioterapeuta zentro askok asteetako itxaron zerrenda dute. Horrekin batera, nutrizio eta psikologia zerbitzuak eskaintzen dituzte. Gizartea aldatu da, eta gu aldatu gara harekin batera.

Orain dela 30 urte etxean erabaki okerra zirudiena, agian, etorkizun oparo baten hasiera baino ez zen. Eraldaketa hori ez da osasungintzara soilik mugatzen; gaur egun humanitateak sekulako pisua hartzen ari dira adimen artifizialaren eztandari esker. Kontraintuitiboa dirudi, ezta?

DeepMind, Anthropic, IBM eta halako konpainiak filosofoak txertatzen ari dira lantaldeetan, makina seguruagoak garatzeko. Aristoteles Alexandro Handiaren tutore gisa kontratatu zutenetik filosofo izateko garairik onena dela dio Henry Ajderrek. Ez da edonor Ajder jauna, Erresuma Batuko Gobernuarentzako eta AA enpresentzako aholkuak eskaintzen dituen filosofoa da.

Aipatutako joera hori AEBetako datuetan ere argi eta garbi islatzen ari da: Filosofia ikasketak dituztenen langabezia tasa %5,1ekoa da, eta informatikariena, %7koa. Badirudi AEBetako unibertsitateak filosofia irakasleen galera handia jasaten ari direla, enpresa teknologikoen eskaintza ekonomikoaren aurrean. Garai batean langabeziara kondenatuak ziruditen haiek ari dira diseinatzen gure etorkizun digitala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA