gaizka izagirre

Gailurretako saio bikoitza

2026ko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten, Oreka hauskorra zutabean, The Dark Wizard dokumental bikaina sutsuki gomendatu nizuen. Gaur, mendiari lotutako beste bi proposamen interesgarri dakartzat. Berriki estreinatu diren bi lanekin saio bikoitza egin dut etxean, biak Apple TV plataforman ikusgai: dokumental bat eta fikziozko film bat. Desberdinak dira bi proposamenak, baina biek agerian uzten dute mendiaren eta naturaren presentzia, indarra, edertasuna eta, aldi berean, arriskua.

The Last First: Winter K2 dokumentala da lehena. 2021eko espedizio bat du ardatz, eta John Snorri Sigurjonsson mendizale islandiarrari eta Ali Sadpara pakistandarrari eta haren seme Sajidi jarraitzen die. Neguan K2ko gailurrera iristen lehenak izatea dute helburu; ordura arte inork lortu gabeko balentria.

Baina espero ez zuten egoera bati aurre egin beharko diote: eskalatzaile bihurtutako influencer-ak eta haien grabazio talde erraldoiak, turismo masiboaren ondorioz azken urteotan alpinismoan zabaldutako moda kaltegarria eta gailurrerako bidea partekatzen duen Nepalgo taldea. Alde batean, eskarmentu handiko alpinistak; bestean, igoera arriskutsu batean parte hartzeko ordaintzen duten turistak.

Dokumentalak muturreko espedizio bat baliatzen du gizarte garaikidearen kontraesan batzuk aztertzeko: anbizio pertsonalaren mugak, kirolaren merkaturatzea, sare sozialen boterea, desberdintasun historiko eta kulturalak, eta erabakiek dakartzaten erantzukizunak. Bikaina da.

Fikziora jauzi eginez, jarraian Tenzing filma ikusi dut. Tenzing Norgay alpinistaren benetako istorioan oinarritzen da. 1953an, Edmund Hillaryrekin batera, Everesteko gailurrera iritsi zen, eta biak izan ziren mendia arrakastaz igo zuten lehenak.

Tenzingek igoeran eginkizun erabakigarria izan bazuen ere, haren irudia Hillaryren itzalpean geratu zen luzaroan. Filmak hausnartzera gonbidatzen gaitu: nork idazten du historia? Zergatik izaten dute batzuek besteek baino aitortza handiagoa, lorpen bera egin arren?

Bi lanek, bakoitzak bere erara, mendiarenganako lilura eta haren aurrean gizakiak duen ahultasuna erakusten dute. Baina, batez ere, gogorarazten digute gailurrera iristea ez dela banakako ekintza, atzean talde lana, interesak, erabakiak eta, batzuetan, neurriz kanpoko anbizioak ere badaudela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA