gaizka izagirre
Ekografiak

Gaupasa

2026ko ekainaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Entretenimendua, umorea, elkarrizketak eta zuzeneko musika. Horiek dira ETBko Gaupasa saio berriaren lau zutabe nagusiak, baina ez bakarrak. Betiko late night klasiko baten oinarria du, alde horretatik ez nuke esango formatuan berrikuntza handirik dagoenik. Baina badu gaur egun gero eta urriagoa den zerbait: nortasuna.

Julen Telleriaren gidaritzapean, astean hirutan ematen dute saioa, eta, lehen atalak ikusita, berehala antzematen da Telleriak kamera aurrean duen berezko sena. Naturaltasuna, inprobisatzeko gaitasuna eta gertutasuna darizkio. Trebea da halako formatuetan ezinbestean sortzen diren ustekabeei neurria hartzen; saioari arnasa ematen dio, tentsiorik gabe, dena bere leku naturalean balego bezala.

Arima eta nortasuna aipatuta, gidoilarien eta lantalde osoaren meritua nabarmendu behar da, noski; baina batez ere pantailan ageri diren aurpegiei zor zaie hori guztia. Ikusgarria da osatu duten taldea: Aitziber Garmendia, Jon Plazaola, Antton Telleria, Ainhoa Etxebarria, Miren Nogales, Janire Atxurra, Irati Erauskin eta Iñigo Aranburu, besteak beste. Denek dute beren ahotsa, beren erritmoa eta beren distira. Denek ematen diote kolorea Gaupasa-ri.

Bada guztien artean lotura ikusezin bezain sendo bat ere: euskara. Euskarak ere egiten du saioa berezi. Euskarak egiten du benetako. Euskarak ematen dio gertutasun hori, etxeko bero hori. Eta hori ez genuke inoiz ahaztu behar. Pertsona berberek gaztelaniazko plato batean ez lukete hemen sortzen duten magia bera eragingo. Hizkuntzak ere sortzen baitu giroa; hizkuntzak ere eraikitzen baitu konplizitatea.

Bestalde, saihetsezina da Linbo gogoratzea eta bi saioak alderatzea. Hiru Damatxoren ekoizpenean ausardia handiagoa sumatzen nuen: txisteetan, umorean eta geruza guztien azpian iradokitzen ziren kritika sotiletan. Zirikatzaileagoa zen. Gaupasa, aldiz, zuriagoa dela esango nuke; samurragoa akaso, publiko zabalago bati begira. Ulertzekoa da, bata Primeranerako sortu baitzuten; bestea, ETB1erako.

Euskarazko ikus-entzunezko gehiago eskatzen ditugun bezala, honelako saio gehiago ere behar ditugu. Euskarak gauez ere distira egin dezakeela gogorarazten digutelako. Ea Gaupasak bide luzea egiten duen, eta ez den bihurtzen erdibidean itzaltzen diren ehunka apustu horietako bat. Izan dadila gauak luzatzeko aitzakia eder bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE