Kaixo, lagun. Ez dakit ezer zuri buruz, orain hau irakurtzen ari zarela jakiteaz gain. Ezagutu berri gara, baina mesede bat eskatu nahi dizut: utzi irakurtzeari eta begiratu zure ingurura 20 segundoz. Gero itzuli.
Orain itzuli zarela, galdera bat: zenbat teknologia ikusi duzu zure inguruan? Begirada lerrootatik altxatu duzunean zeri erreparatu diozu? Ikusi al dituzu zauden gelako hormak, sabaiak, zoruak, leihoak, apalategiak, liburuak? Paperekoan edo eskuko telefonotik mendian (edo hondartzan, edo basoan, edo tundran...) irakurtzen ari bazara ikusi al duzu errepiderik, hegazkinik, aerosorgailurik, argindar lerrorik, ziklo konbinatuko zentralik, itsasontzirik, trenbiderik, zaborrik, orturik?
Gure gizarteei buruz sarritan oso teknologikoak direla esatea ohikoa bilakatu da, baina gehienetan zentzu orokor eta abstraktu batean esaten dugu, zehazki zertaz eta nola ari garen konkretatzeko lanik hartu gabe. Objektu teknologikoetan jarri ohi dugu begirada halakoetan. Elektronikoak badira, errazago. Baina, jakin, badakigu teknologia harago doala, gure kondizioa teknologikoa dela. John Culkin parafraseatuz teknologiak sortzen ditugu eta teknologiek sortzen gaituzte. Ez dugu ihesbiderik horretan. Don Ihde zientzia eta teknologiaren filosofoari irakurri nion objektu teknologikoekiko dugun harremana horixe dela, hartu-emanezkoa. Idaztearen esperientzia, adibidez, bi noranzkokoa dela: interaktiboa eta elkarrekikoa. Eta egia da ez dela gauza bera teklatu batekin idaztea, edo arkatzez. Letra larriz, edo xehez. Euskaraz edo galesez.
Eskerrak eman nahi dizkiot BERRIAko taldeari astero hemen gauza hauetaz idazteko aukera emateagatik, eta eskerrak hemen nire aurretik aritu diren Gorka Julio eta Beñat Erezumari ere: asko ikasi dut zuekin. Pentsatzeko eta eztabaidatzeko tarte bat zabaldu nahi nuke hemendik aurrera, eta Deustuko Unibertsitatean eta Errenteriako Humanitate Digitalen Ikerketa Gunean kontu hauetaz aritzera ohituago nagoen arren, esperientzia berria izango da hau niretzat, astero egunkarian idaztearena. Barkamenak, beraz, aldez aurretik gaizki esango ditudanengatik, teknologia berria da oraindik niretzat.