urtzi urkizu
Pantailen artetik

Gure txakurra da (e)ta

2026ko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bego del Tesok, bere ohiko graziarekin, 'Stupa'! Ez da 'paratú'. Ez ukitu 'libruska'! izenburuko artikulu moloia idatzi zuen uztailaren 3an, eta aipatu zuen film guapoa dela Minions & Monsters. Hori bai, aintzat hartu behar da animaziozko film hori ezin izan dela euskarara bikoiztuta ikusi Hego Euskal Herrian; aldiz, Katalunian 31 aretotan baino gehiagotan estreinatu dute katalanera bikoiztuta, Kataluniako Generalitateak txukun sustatua. Zer gertatu da Toy Story 5 filmarekin? Gauza bera. Hego Euskal Herrian haurrek Cervantesen hizkuntzan ikusi behar dute pelikula; eta Iparraldean, Victor Hugoren hizkuntzan. Katalunian, aldiz, berrogei aretotan baino gehiagotan estreinatu dute katalanez Toy Story sailaren bosgarrena.

Zinema karteldegian bada, hala ere, euskarazko animaziozko film bat. Ostiralean estreinatu zuten Beñat Beitiak eta Elio Quirogak zuzendutako Winnipeg: Itxaropenaren ontzia filma. Jatorriz da euskaraz.

'Winnipeg: Itxaropenaren ontzia' euskarazko filmaren trailerra.

Streaming plataformetan, berriz, atrebentziaz esan daiteke uda honetan munduan ikus-entzule gehien izango dituen euskarazko hitzak Javier Bardem aktorearen ahotik entzungo direla. Izan ere, Apple TV plataformaren Cape Fear telesailaren seigarren atalaren lehen minutuetan, Max Cady pertsonaia protagonistari —Bardementzat pertsonaia guztiz aproposa— ebakuntza bat egiten ari zaizkio garunean, eta hara non, kantuan hasten da. Pintxo, Pintxo, gure txakurra da ta... Protagonistaren ama euskalduna da, eta umea zela abesti hura kantatzen ziola aipatzen du. Gaiztoarena maisuki egiten du Bardemek telesailean, mendeku gosea begirada soil batekin muturreraino eramanez. Apple TV astez aste ari da atalak estreinatzen, eta hiru gelditzen dira bukatzeko. J. Lee Thompsonen 1962ko film klasikoa eta batez ere Martin Scorseseren 1991ko pelikula iluna gainditzea ez da kontu erraza. Tira, telesaila beste gauza bat da, eta ondo, e? Bardem oso ondo.

'Cape Fear' telesailaren fotograma bat. Javier Bardem aktorea.
Javier Bardem aktorea, Cape Fear telesailaren fotograma batean. APPLE TV

Apple TV plataforman ematen ari dira azkeneko urteetan telesail onentsuenak; Severance bikainaren lehen bi denboraldiak, kasurako. Euskarari, ordea, ez diote miresmen handirik plataforma horretan. Zernonikusi webgunean bilaketa eginda, euskarazko zazpi film baino ez dira ageri katalogoan. ETB On plataformara joz gero, zazpi horietako bakar bat ere ez dago. EITBren beste plataforma batera jo behar, horiek aurkitzeko.

Hartzak sukalde batean

Christopher Storer gidoilari, zuzendari eta ekoizleak bost denboraldiz eta 47 atalez ondu du jatetxe baten bueltako telesail erakargarria: The Bear —Disney Plus plataforman ikusgai; zerbitzu horrek Apple TVk baino are errespetu gutxiago dio euskarari—. Amaitu dira Chicagoko (AEB) sukalde barneko kontuak, eta zapore ona utzi dute errezetek ikusleen artean. Gidoiak fin samarrak izan dira denboraldi gehienetan. Eta aktoreak, oro har, moldatu dira pertsonaiei sentsibilitatea eta izaera propioa ematen. Jeremy Allen White aktorea izan da protagonista nagusia. Baina, pixkanaka-pixkanaka, indar gehiago hartuz joan da Ayo Edebiri aktoreak jokatutako Sydney Adamu sukaldariaren pertsonaia. Ezin aipatu gabe utzi Jamie Lee Curtis beteranoak bi denboralditan izan duen parte hartzea. Telesailak 21 Emmy sari jaso ditu orain arte. Ez da marka makala, eta ikusi beharko da bosgarren eta azken denboraldiarekin sariren bat gehiago irabazten duen. Edebirik merezi du beste bat; aurten ere hautagaia da.

Ayo Edebiri aktorea Emmy saria jasotzen. 'The Bear' telesailean egindako lanagatik.
Ayo Edebiri aktorea Emmy saria jasotzen, 2024an, Los Angelesen (AEB), 'The Bear' telesailean egindako lanagatik. ALLISON DINNER / EFE

Fikziotik errealitatera bueltatuta, bestalde, Euskal Herriko herritar guztiek irrikaz, desioz, gogo biziz, itxaropen handiz eta desesperatuki nahi eta behar zuten programa bat estreinatu du aste honetan Euskal Telebistak: sukaldaritza saio berri bat, gaztelaniaz, ETB2 katean. Me voy a comer el mundo du izena (Mundua jatera noa). Uda honetan bertan, ETB2k beste gastronomia saio bat ere emango du eguerdian: Cocina tradicional vasca. Ez dago jakiterik nola iraun duten bizirik euskal herritarrek gaur arte bi saio horiek gabe. Nola ez diren gosez hil. 

ETB On plataforman, sukaldaritza tartean badira hamazazpi saio. Gutxi dira, gutxiegi. Baina bota saltsa apur bat, eta on egin!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA