Xabier Landabidea Urresti.
Komunikazioa eta gu

Igogailuetako pantailak

2026ko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit igogailurik hartu ohi duzuen egunerokoan. Hartzen badituzue —baiezkoan nago, ohiko bilakatu dira gure egunerokotasun kaletarretan— ez dakit pantailarik daukaten. Nire etxekoak badu. Pantaila, esan nahi dut. Eta mundu haluzinagarri baterako leihoa da, berez.

Azal dezadan: nire igogailuko pantailak albisteak dakartza. Edo hobeto esanda, albistetzat har edo aurkeztu daitezkeen mezuak dakartza. Gehienak teknologia deritzegun gauzen ingurukoak. Marteren kolonizazioa. Ordenagailu kuantikoak. Burtsako salerosketa erraldoiak. Ikasle batek energia lortzeko asmatutako modu berri harrigarriak. Txina, AEB eta Espainiako gauzak. Gauza horiek. Disruptibo, guztiaren aldarazle eta zeharo inportanteak izango omen diren baieztapenez beterik etorri ohi da.

Hozkailuko argia ez bezala gure igogailuko pantaila hor dago, urtean berrogeita hamabi astez piztuta, informazioa eskaintzen. Mezu guztiak esklusiboki gaztelaniaz dira, bost segundoero pantaila aldatu egiten da, eta udalerrira egokitutako eguraldiaren aurreikuspenaz gain eguneko albisteak eskaintzen dizkizu: lerroburua eta irudia. Inoiz ez dago testuingururik eta batzuetan testua moztuta dator karaktere gehiegi dituelako pantailan ikusarazteko. Iturriak, aipatzen direnean, El Economista bezalako agerkariak izan ohi dira, animalia ezberdinek har dezaketen abiadura harrigarriekin tartekatuta (azken asteetan bufaloak eta jirafak).

Ez dakit nork programatzen dituen mezuok, ez eta albisteen menua nahita aukeratu ote zen igogailua instalatu zenean. Ezezkoan nago. Zalantzan jartzen ez diren gauza horietako bat dirudi gehiago. Albisteak eta eguraldia: nor legoke kontra. Erdaraz, noski, denok uler dezagun. Gaurkotasun gaiak. Errazak, indartsuak, eguneko edo asteko elkarrizketa gaiak ezartzeko modukoak.

Deigarria zait nola titular guztiek diruditen aldez aurretik irakurleari zer pentsatu eta nola sentitu behar duen esateko eraikitakoak. Kazetaritza gehiena horrela daukagu, esango didazue, agian arrazoiz. Baina hurrengoan igogailua hartzen duzuenean begiratu ea pantailarik dakarren, eta hala bada, hartu tarte bat begiratzeko. Gure normaltasunik arraroenera irekitako leihoak dira.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA