Xabier Landabidea Urresti.
Komunikazioa eta gu

Internet hilaren teoria

2026ko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errealitateari buruz zuzenean hitz egitea lortzen ez dugunez, analogiak, metaforak eta alegoriak erabili ohi ditugu ez bakarrik esan nahi duguna esateko, baita esan nahi duguna ulertzeko ere. Behar bada horregatik eskatzen ditugu txikitan ipuin berberak behin eta berriro: esanahia eta egitura ematen digutelako.

Zentzu horretan azkenaldian alegoria arrakastatsurik egon bada, adimen artifizialarena izan da hori. Badakigu ez dagoela adimenik hor, baina egon badagoen hori konplexuegia, abstraktuegia, ikusezinegia zaigunez, maneiatzeko errazagoa zaigun mintzaira figuratuaren bidez izendatzen dugu. Dagoena ez dagoenarekin ordezkatzearen maisuak gara, finean. Sekulako erretorika eta marketin operazioa iruditzen ari zait AArekin egiten ari direna, egia esan, baina hori beste zutabe baterako gaia da, utz dezagun hurrengo baterako. Gaur neuk ere analogia jokora jokatu nahi dut.

Diotenez, egun Internet bezala ezagutzen dugunaren edukien ehuneko handi bat jada ez dute gizakiek idatzi, makinek baino. Dolezal eta abarrek Internet Archive egitasmoa erabili dute 2022 eta 2025 artean sortutako webgune berrien %35ek «AA egiletza» ageri dutela ondorioztatzeko. Washingtoneko Pew Research Centerretik antzerako zenbakiak eman dituzte: horiek Common Crawl-en datuak erabili dituzte 2026ko uztailean idatzizko eduki berriaren heren batek «adimen artifizialaren» markak daramatzala ondorioztatzeko.

Dena da oso eztabaidagarria, noski: erabilitako metodologia, jasotako datuak, erdietsitako ondorioak. Zenbaterainokoa den «AA egiletza» hori. Baina Internet hilaren teoria, badakizue, teoria zoro hori zioena ez dagoela inor pantailaren beste aldean. Interneteko edukia bot-en arteko jarduna baino ez dela, bat-batean jada ez da lau zororen sinesmen edo Interneteko txiste bat, errealitate gero eta materialagoa baizik.

Pentsatzen jarrita, aferak baditu alde on batzuk. Jada ez du zentzu handirik izango Internet bidez eztabaidatzen hasi eta inorekin haserretzeak, zure kirol taldeak azken proban izandako emaitzak edo nazioarteko albiste txar andana dela-eta tristatzeak. Hemendik aurrera (estatistikoki) jarrerarik arrazionalena ezaxolarena izango da, deskonexio ontologikoarena. Agian irakurri dudan hori norbaitek idatzi du, agian ez. Agian egia dio, agian ez.

Zer atera daiteke gaizki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA