benat erezuma
'Funtzio sigmoidea'

Jaun hori

2026ko otsailaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ospitaletik igaro naiz aste honetan, osasun arazo bat tarteko; ezer larririk ez. Medikuak bikain artatu nau, jarraibideak zehaztasunez azalduz. Une jakin batean, ordea, medikuak erizainari zerbait esan dio niri begira, eta erizainaren erantzuna garbi entzun dut: «Jaun hori?». Medikuak baiezkoarekin berretsi du. Baina zertarako geure burua engainatu: ondo bidean, unibertsitate garaia baino gertuago dugu jubilazioa.

Erretretan pentsatzen hasita, beste jaun baten hitzak etorri zaizkit gogora. Elon Muskek adierazi berri du adimen artifizialak eta robotikak gizakiak baino hobeto egingo dituztela lan guztiak. Haren ustez, hamar-hogei urte barru lan egitea hautazkoa izango da; zaletasun bat, ez bizirauteko premiari lotutako jarduera. Ildo horretatik, dio ez dela jubilaziorako aurrezten ibili beharko, Goi Errenta Unibertsala proposatzen baitu.

Oinarrizko Errentak gutxienekoa bermatzen du; Goi Errentak, berriz, ugaritasun garaia irudikatzen du. Musken arabera, ondasun eta zerbitzuen ekoizpen-kostuak zerora hurbilduko direnez, denok izango dugu maila altuko bizimodua izateko adina baliabide. Horrela, pobrezia desagertu eta oinarrizko gaiak —elikadura, etxebizitza, medikuntza— merkeak eta irisgarriak izango dira. Ekonomiak arazo izateari utzita, erronka existentziala izango da nagusi: nola aurkitu bizitzari zentzua robotek dena hobeto egiten dutenean. Hori bai dela tekno-optimismoa zainetan.

Ashlee Vance kazetariak 2015ean idatzi zuen Musken biografia. Liburua hasten da Muskek kazetariari egiten dion galdera honekin: «Zoratuta nagoela uste al duzu?». Ez dugu horren inguruko erantzunik, eta haren iragarpen gehienekin bat ez gatozen arren, bistakoa da eraldaketa sakona datorrela gizartean. Aldaketarik handiena pantaila baten aurrean orduak ematen dituztenek jasango dute: abokatuek, software garatzaileek, publizistek, diseinatzaileek, bideo-sortzaileek, itzultzaileek, administrariek eta finantza-analistek, besteak beste. Hori jada gertatzen ari da.

Lan konplexuak egiten dituzten robot autonomoak agertu arte, lasaiago nengoke erizain, iturgin, maisu-maistra, arotz edo elektrikari banintz. Zalantzarik baduzu, hitz egin ezazu programatzaileren batekin, eta xuxurlatu iezazkiozu hitz hauek belarrira: Claude Opus 4.6. Ea zer erantzun jasotzen duzun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA