benat erezuma
Funtzio sigmoidea

Mehatxua bete da

2026ko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekainak 12, ostirala, gaueko hamaikak. Bi ordu eman ditut pantailaren aurrean Anthropic enpresaren azken AA ereduarekin jolasean: Claude Fable 5 du izena. Hiru egun daramatza merkatuan. Probatu dugun gehienok flipatzen ari gara haren gaitasunekin. Ohera noa. Larunbata, goizeko zortziak. Ez da bestelako gairik AAren inguruko sareko eztabaidetan: Claude Fable 5 debekatu du AEBetako Gobernuak. Joan naiz eredua erabiltzera: eta bai, desagertu da aukeretatik. Baina hau guztia hobeto azaltzeko, otsailera jauzi egingo dugu. Zutabe honetan argitaratu genuen A ze astea, Dario! izenarekin garai hartan gertatzen ari zena. Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkariak ultimatum bat eman zion Anthropic enpresari: exijitu zuen Anthropicek Claude ereduen segurtasun mugak kendu zitzala erabilera militarrerako. Anthropic enpresako buru den Dario Amodeik uko egin zion. Hori entzun ostean, Trumpen administrazioak hornikuntza katearen arrisku izendatu zuen konpainia.

Azken asteotan, Anthropic enpresak burtsan izateko lehen pausoak emanak zituen. Baina AEBetako Gobernua operazioa blokeatzen saiatu da. Eta Claude Fable 5 ereduaren debekua izan da erabaki horren azken pausoa. Helburua argia da: Pentagonoaren eskaeretara makurtzera behartu nahi du enpresa, eta horretarako beharrezkoa den oro egingo du Trumpen administrazioak.

Zaharrak berri. AEBetako Gobernuak hamarkadak daramatza teknologia berritzaileak bereganatzen eta estatuaren monopolio militarra bermatzen. Bigarren Mundu Gerrak esportazio kontrola ekarri zuen. Gerra amaitzean, 1946ko Energia Atomikoaren Legeak ikerketa nuklear zibila erabat blokeatu zuen. Bestetik, 1996ra arte, web nabigatzaileentzako segurtasun kodeak edo posta elektronikoko enkriptazioa atzerrira esportatzea misil bat esportatzearen pareko delitua zen. Ezin ahaztu Interneten sorkuntza eta garapena AEBetako armadaren behar estrategiko baten ondorio direla. Eta garrantzitsuagoa dena: munduko zuntz optikoko itsaspeko kable nagusiak AEBetako jurisdikziopean daude, hango inteligentzia agentziei fluxu informatiko globala monitorizatzeko aukera emanez.

Beraz, ez gaitu harritu behar gaur egun gertatzen ari denak. Otsailean esan genuena errepikatuko dugu gaurkoan: gerrarako AA ereduen kontrola da korapilo nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE