Kezkatuta nauka plastikoaren auziak. Ez horrenbeste bere horretan polimero sintetikoen aurka nagoelako, baizik eta plastikoaren eskala industrial ia pentsaezineko ekoizpen eta erabilera gure kontrol eta arretatik eskapatu zaigun sentsazioa daukadalako.
Plastikoa biodegradatzen bada ere, giza eskalatik kanpoko epeak behar ditu horretarako: plastikozko botila arrunt batek 450 urte behar omen ditu batez beste, eta plastikozko poltsa batek 1.000 urte ere iraun omen dezake. Ez dakit non egongo den Euskal Herria 2476. urtean, baina badakigu gaurko plastikoak inguruan egongo direla.
Materialki degradatu eta deskonposatzeko prozesu horretan plastiko deritzogunak zati geroz eta txikiagotan banatzeko gaitasun eta joera du, gainera. Sar daitezela eszenara mikroplastikoak: bost milimetro baino txikiagoak diren eta uretan disolbatu ezin diren arren lurreko ekosistema osoan zehar (gu barne) barreiatuta dauzkagu-eta begiz ikusteko txikiegiak diren partikula sintetikoak. Egun giza barrabil guztietan aurkitzen omen dira mikroplastikoak (baita, antza denez, plastikorik erabiltzen ez duten gizakien artean ere).
Hizkuntza eredu handietan oinarritutako txatbotei buruz pentsatzeko orduan sarritan gogoratu naiz mikroplastikoez. ChatBro, Sagitarius, Paule, SimDeep (izenak aldatuta daude) eta abarrek egiten dutenak plastikoaren fabrikazioa gogorarazten dit: osagai organikoak birkonbinatuz materia berriak fabrikatu eta eskala eta abiadura pentsaezinetan zabaldu.
Kontua da zutabe hau idazten ari nintzela Blooble-n (izena aldatua) sartu dudala izenburua, inork arinago ideia hau izan ote duen jakiteko. Bilatzaileak ez dit emaitzarik eskaini, baina «AA bidezko laburpenak» azalpen oso bat fabrikatu dit, bat euskaraz bilatzean, bestea ingelesez bilatzean. Biak deliranteak, biak sinesgarriak. Biak zeinuen konbinazio estatistiko eta probabilistikoz sortuak.
Noosfera arrazoiaren esfera litzateke, gizakion adimenezko jardueraren eremua, Vernadsky eta Teilhard de Chardin bezalakoen arabera. Banekien lurreko ekosfera osoa mikroplastikoz bete dugula eta planetaren orbita zaramaz josita daukagula. Ez ote gara plastikoarekin egin bezala giza arrazoi, irudimen eta komunikazioaren sistemarekin gauza berbera egiten ari.