Ostegunean 26 urte beteko dira ETAk tiroz El Mundo egunkariko Jose Luis Lopez de Lacalle zutabegilea Andoainen (Gipuzkoa) hil zuenetik; Juanita Mir kazetaria Derioko (Bizkaia) hilerrian fusilatu zuten frankistek 1937ko abuztuaren 5ean; ETAk Jose Maria Portell kazetaria hil zuen Portugaleten (Bizkaia), 1978ko ekainaren 28an; GALek Xabier Galdeano Egin-eko kazetaria hil zuen Donibane Lohizunen (Lapurdi), 1985eko martxoaren 30ean; 2001eko maiatzaren 24an hil zuen ETAk Santiago Oleaga, El Diario Vasco-ko finantza zuzendaria, Donostian; Josu Muguruzak Egin-eko kazetari lanak bete zituen urte luzez, eta ultraeskuindar armatu batzuek hil zuten Madrilen, 1989ko azaroaren 20an, HBko diputatu gisa Espainiako Kongresurako lanak prestatzen ari zela.
«Mezularia hiltzea», dio esaldi batek. Literalki hori gertatu izan da. Gehiago ere bai, bada.
Gorka Landaburu kazetariak ETAk bidalitako liburu-bonba bat jaso zuen Zarauzko (Gipuzkoa) bere etxean, 2001eko maiatzaren 15ean, eta zauri larriak eragin zizkion. Martxelo Otamendi modu basatian torturatu zuten Espainiako guardia zibilek, 2003ko otsailean. Egin egunkariaren eta irratiaren itxieraren (1998) eta Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren (2003) artean, Baltasar Garzon epailearen aginduz, Ardi Beltza aldizkaria itxi zuten 2001ean, eta haren zuzendari Pepe Rei zigortu. Kale Gorria aldizkariak hartu zuen Ardi Beltza-ren lekukoa, eta aldizkari berri horren zuzendari Xarlo Etxezaharreta 2003ko irailaren 29an atxilotu zuten. 2008ko abenduaren 31n, ETAk furgoneta-bonba bat jarri zuen Bilboko EITBren egoitza berrian, eta, zorionez, kalte materialak baino ez zituen eragin. EAJk sustatutako Eguna euskarazko egunkariaren bidea estatu kolpe militarra eman zuten faxistek eten zuten, 1937ko ekainaren 13an. Beste hainbat komunikabideren jarduna ere eten zuten frankistek 36ko gerran eta gerraostean. Besteak beste, Loiolako Herri Irratiaren Itxumendi mendiko (Gipuzkoa) antena bonbaz suntsitu zuten eskuin muturreko talde batzuek —Guerrilleros de Cristo Rey eta Batallon Vasco Español—, 1977ko ekainaren 11n.
Hainbat urtez, Euskal Herriko hainbat kazetarik bizkartzainarekin egin behar izan zuten eguneroko bizitza, ETAren mehatxuen eraginez.
Iñaki Uriak hemezortzi hilabete egin zituen kartzelan, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren ostean; Xabier Oleagak, zortzi hilabete eta erdi. Jabier Salutregi Egin-eko azken zuzendariak ia zortzi urte egin zituen preso. Teresa Todak, beste sei urte gatibu.

2026. urtea. Apirilean Jarki taldeak pintaketak egin ditu Vocento taldeko eta SER irratiko egoitzetan. Argia aldizkariak Nor dago euskararen aurkako oldarraldiaren atzean? kazetaritza ikerketa lana argitaratu zuen martxoan. Eta, ondotik, hainbat eragilek Argia-ren kontrako irainak eta mespretxuzko mezuak zabaldu dituzte. Egunkari batean ardura duen kazetari batek «sektario, gutxi irakurria eta hipersubentzionatu» gisa definitu du Argia.
Israelgo armadak hildakoak
Kazetariak Babesteko Batzordearen arabera, 2023ko urritik gaur arte, Israelgo armadak 260 kazetari baino gehiago hil ditu Gazan, Iranen eta Libanon. Israeldarrek hil duten azken kazetarietako bat Amal Khalil izan da. Libano hegoaldean kendu zioten bizitza, apirilaren 22an. Khalil Baysariyyeh herrian jaio zen, 1984an, eta Al-Akhbar egunkarian egiten zuen lan, berriemaile; urte luzez eman zuen Israelen eraso militarren berri. Israel propio ari da kazetariak hiltzen, egunez egun. Kazetariak Babesteko Batzordeak datu gehiago ere jaso ditu: Israelek zauritutako kazetariak 174 dira, eta atxilo hartutakoak, ehun baino gehiago.
Donald Trump AEBetako presidentea (ia) egunero ari da kazetarien aurkako oldarraldian, haien aurkako irainak botatzen. Hortik harago doa kontua.
Gabriel Garcia Marquez idazle eta kazetariak (Aracataca, Kolonbia, 1927-Mexiko Hiria, 2014) diskurtso historikoa eman zuen Los Angelesen (AEB), 1996ko urriaren 7an. «Munduko lanbiderik onena da kazetaritza». Marquezen sententzia.
Prentsa Askatasunaren Munduko Eguna da gaur, maiatzak 3. Bizi artean, prentsa askatasunaren defentsan jarduteko ahalegina lerro hauetatik. Etengabeko kontraesanean. Jakin-minari uko egin gabe. Egiaren alde. Egiak beti ñabardurak izan ditzakeela jakitun.