benat erezuma
Funtzio sigmoidea

Oasiak eta plaza nagusiak

2026ko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela urte eta erdi, 2024ko azaroan, X plataformatik ihes egiteko olatu bat izan genuen sareetan. Gogoratzen duzu, ezta? Norbanakoez gain, The Guardian, La Vanguardia, Ouest-France eta Sud Ouest bezalako egunkariek erabaki zuten Elon Musken sare soziala uztea. BERRIAk ere gogoeta egin zuen: Bluesky eta Mastodon plataformetan izena eman eta X plataforman jarraitzea erabaki zuen. Baina datuen arabera, zer gertatu da azken 18 hilabeteotan hiru plataforma horietan?

Datu gordinek erakusten dute, mundu mailan, Blueskyk Mastodonek baino erabiltzaile gehiago dituela: 44 milioi inguru, 11 milioiren aldean. Hala ere, 2024ko azaroko gorakada izugarriaz harago, Bluesky plataformaren erabilerak beheranzko joera lineala du. Bestetik, euskarazko komunitatearentzat, Mastodon.eus instantziak badu balio berezia: 1.000 erabiltzaile aktibo ingururekin, sare trinkoa osatzen du.

Gogoratu beharra dugu Mastodonek badituela X zein Blueskyrekiko abantaila argiak: software libre federatua da, ez du jabe bakarrik, ez du algoritmorik, instantzia bakoitzak bere arauak ezartzen ditu, eta hala ere, mundu osoko zerbitzariekin komunikatzen da. Ez da gutxi. Baina askorentzat ez da nahikoa. Zergatik? Sare sozialetan ez direlako soilik printzipioak lehiatzen.

X plataformak 2024an 584 milioi erabiltzaile zituen, eta gaur egun 611 milioi inguru ditu. Hau da: kritikak, boikot deiak eta ihesaldiak gorabehera, jende gehiena han geratu da. Torontoko Unibertsitateko ikerketa baten arabera, X plataforma erabiltzearen arrazoi nagusiak bost dira: entretenimendua, informazioa bilatzea, interakzio soziala, egunerokotik ihes egitea eta autopromozioa.

Horregatik, alternatiba hobe bat izateak ez du ziurtatzen alternatiba hori erabiliena izango denik. Sare hobe horiek oasi atseginak izan daitezke, eta sare toxikoak plaza nagusi. Lehen aipatu dugun ikerketa beraren arabera, Xk ongizatea okertu dezake, haserrea eta polarizazioa elikatu, baina aldi berean komunitate-sentimendua ere indartu dezake. Paradoxikoa dirudien arren, askotan ez dugu lekurik osasuntsuena aukeratzen, baizik eta erakargarriena, jendetsuena edo eraginkorrena iruditzen zaigun hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA