Nahiz eta Netflixetik atera ezinda dabiltzanak Berlin telesaila eta La sociedad de la nieve filma dituzten egunotan begiz jota, Eguberrietan nazioarteko plataformetako lanik eztabaidatuena Amazon Prime Videoren Saltburn pelikula izan da. Emerald Fennell zinemagilearen film horrek baditu amu batzuk ikusleak harrapatzeko, eta giza miserietan murgiltzeko modua ere ematen du. Oxfordko Unibertsitatera (Erresuma Batua) ikastera joan da mutil gazte bat, eta han, lagun aberats bat egingo du. Ondotik, aberatsak familiaren luxuzko gazteluan uda pasatzera gonbidatuko du mutila. Gidoiak ematen duen bira beste hainbatetan ikusitakoa da, eta ez du halako berritasunik. Edonola ere, istorioa txukun kontatuta dago. Eta Barry Keoghan, Jacob Elordi eta Rosamund Pike aktoreen lana balekoa da.
Entretenimendu gisara, ontzat jo daiteke Saltburn filma. Baina badaude istorioak kontatzeko bestelako manerak, diru gutxiagorekin. Eta, horretan, Kanaldude telebistak badaki zerbait. Harrigarria da zein eskaintza txukuna egiten duen Bidarraiko (Nafarroa Beherea) kateak, hain baliabide gutxi izanik.
Esate baterako, egunotan Kanaldude astez aste ari da Arima baitako bideak dokumental saila ematen. Xiril Alvarez abenturazaleak Baikal aintziraren inguruan egindako bidaia du oinarri programak. Errusian eta Mongolian dabil Alvarez, bera bakarrik, kamerarekin soinean. Tarteka, dronearekin irudi ikusgarriak ere harrapatuz. Azkenaldian gogaikarria bilakatu da ikus-entzunezko edozein lanetan dronea denetarako erabiltzen dela ikustea, baina kasu honetan guztiz justifikatua dago: Baikal aintzira izoztua goitik ikustea ederra da oso. Han ageri da Alvarez, txiki, aintziraren handitasunean.

Alvarezek aipatzen du une batean han dena bortitza dela, sauna errusiar batean lagun batekin izerditan dela. Bortitza paisaia. Bortitzak alkoholdun edariak. Bortitzak Mongoliako eremu batzuetan autoz joateko bideak. Eta abenturazaleak badu mina zangoan, kexu da tarteka. Gertukoa egiten du kontakizuna. Interesgarria, aldi berean.
Errusiaz aritzea derrigor Ukrainaren aurkako gerraz mintzazea bilakatu da azkeneko bi urteetan. Errusian beste ezer ez balego bezala. Ia kontinente oso bat den herrialde bat izan arren. Baina dena ez da Putin. Alvarezek egindako Arima baitako bideak dokumental saila gozagarria da, abentura bizigarri bat paisaje bortitzetan. Bideko Errusiako eta Mongoliako herritar xehe eta abegikorrekin partekatua. Datorren asteazkenean estreinatuko dute azkeneko atala. Ondotik, noiznahi ikusi ahalko dira atal guztiak.
'Bañolet' filma
Kanaldudeko beste eduki aske eta zoragarri bat Paxkal Irigoien Etxeberrik eta Maia Iribarne Olhagaraiek idatzi eta zuzendutako Bañolet fikziozko filma da. Irailean bi emanaldi egin zituen Kanaldudek, ordu jakin batean, baina dagoeneko edonoiz ikusteko modua dago katearen webgunean (sakelakotik telebista konektatura bidaltzeko aukera ere balia daiteke).
Frantziako oilarraren mendekotasunetik libre den herri bat irudikatzen du pelikulak. Hain zuzen ere, herri horretan 11 urteko haurrek oilar bat hil behar dute. Hala dute ezarria sakrifizio erritua. Zinez da berezia istorioko haurrek duten naturaltasuna eta distira. Pelikula bere osotasunean perfektua ez bada ere, gehiago dira bertuteak akatsak baino.
Eiheralarre (Nafarroa Beherea) herrian grabatu zuten filmaren parterik handiena, eta bertako herritarrak dira aktore. Atzealdean lan handia egina dagoela nabaria da, eta, batez ere, sentitu eta usaindu egiten da maitasun handiarekin egindako proiektua dela.
Kanalduderen webgunean badira, beste alde batetik, fikziozko film labur iradokitzaile batzuk: Nire eguneroko maitea (guztiz gomendagarria), Haizearen egia, Subandila, Oihartzunak, Ito, Bost litro eta Blai blai blai. Irudimenez eta mimoz blai bustiak dira Kanalduderen ekoizpenak. Hor daude denak, ikus-entzule berrien zain.  Â