Lokatz-putzuetan salto egitea oso gustuko du Peppa Pig txerritxoak. Gurasoek begi txarrez ikusi arren, Helga Gütler psikologoaren arabera, oso gomendagarria da haurrek lokatzetan jauzi egitea. Onura fisiko zein emozionalak ditu ekintza horrek. Horren berri izan nuenetik, bestela jokatu izan dut etxeko txikiekin.
Baina gaur Peppa ez dugu hona ekarri lokatzaren apologia egiteko, beste potxingo mota batez hitz egiteko baizik. Peppa Pig telesaila Erresuma Batuko Channel 5 kateak 2004. urtetik emititzen du. Eta urte hauetan guztietan, hainbat ahots-aktorek jarri diete ahotsa protagonistei. Baina berritasuna azken kontratu-sinaketan iritsi da.
Marrazki bizidun horien eskubideen jabea Hasbro enpresa da. Eta Hasbrok saioko haur ahots-aktoreei eskatu die haien ahotsak eskuratu eta adimen artifizialarekin erabiltzea onartzeko. Horrek esan nahi du enpresak ume horien ahotsak klonatu, entrenatu edota berrerabili ahalko dituela frankiziaren etorkizuneko eduki komertzialetan.
Hautsak harrotu ditu proposamenak. Haur interpreteen ordezkariek eta elkarte profesionalek salatu dute kontratu horrek hainbat arazo dakartzala. Lehenengoa baimen informatuarena da: haurrek ezin dute guztiz informatutako legezko baimenik eman. Gurasoen baimena ez da nahikoa umeen ahotsa klonatu, entrenatu edo mugarik gabe berrerabiltzeko. Bestetik, ahotsa ez da pertsonok dugun tresna tekniko huts bat, gure identitatearen parte da. Horrek norbere duintasunari lotutako arazo bat dakar. Azkenik, botere-desoreka dago. Klausula hartu ala utzi moduan aurkezten den momentutik, ezin da erabaki askea izan denik esan, sinatu ezean umeak lana galtzeko arriskua baitu.
Gaur haurren eskubideen ikuspegitik aztertu dugu gaia, baina badakigu ahots-aktoreen eta bestelako aktoreen esparrua arduratuta dagoela adimen artifizialak etorkizun hurbilean ekar ditzakeen aldaketekin. Nire ustea honako hau da: gero eta eduki digital gehiago sortuko da, ahots artifizialen kalitateak hobetzen jarraituko du, eta kontsumituko ditugun ahots eta eduki asko sintetikoak izango dira. Baina telebistak ez zuen hil irratia, eta, aktore artifizialek lan batzuk ordezkatuko dituzten arren, hezur-haragizko aktoreek beharrezkoak izaten jarraituko dute kalitatezko edukietan.