Badira esnatzen garen unetik guztia gris ikusten dugun egunak. Halakoetan, badaude barrua argitzeko eta egunerokoaren pisua arintzeko gaitasuna duten pertsonak. «Pertsona bitamina-emaileak» dira: bizitasuna eta alaitasuna kutsatzen dizkiguten horiek. Senitartekoak, lagunak edo bikotekidea izan daitezke, baina baita fikziozko pertsonaiak ere.
Euskal pantaila txikian, esterako, pertsona(ia) bitamina-emaile berriak ditugu: Aitziber Garmendia, Anjel Alkain, Iker Galarza, Ekain Ibarguren eta konpainia. Superra telesailarekin itzuli dira.
Umorea eta euskara aipatu orduko, berehala datozkigu gogora Wazemank, Brinkola eta euskal umorearen historian arrastoa utzi duten beste hainbat saio. Izen horien guztien artean, badira bereziki aipatu beharreko hiru: Aitziber Garmendia, Anjel Alkain eta Iker Galartza. Ez dira bakarrak, noski, baina euskal umorearen doinua osatzen lagundu duten artistak dira.
Superra telesailak herri euskaldun bateko negozio familiar txiki baten istorioak kontatzen ditu. Telesailaren osagaiak ikusita, bati baino gehiagori etorriko zitzaion gogora Wazemank. Ez da harritzekoa. Umorean eta euskararen erabileran badago garai hartako esentziaren oihartzunik, baina oso desberdinak dira.
Superra ez da hizkuntza zinematografikoa irauliko duen lan bat, ezta proposamen formal berritzaileagatik nabarmenduko den lan bat ere. Baina haren balioa ez dago horretan. Batzuetan, ez dugu istorio iraultzailerik behar, ezta mundua hankaz gora jarriko duen proposamenik ere.
Nahikoa da ezaguna zaigun ahots bat entzutea, pertsonaia batekin berriro barre egitea edo pantailan aspaldiko aurpegi bat aurkitzea. Euskarazko fikzioan hainbestetan barre eragin diguten artistak berriro ikustea pozgarria da, eta beharrezkoa ere bai. Telebista piztu, eguneroko zarata isilarazi eta irribarre egitea. Batzuetan, horixe da behar duguna.
Gai ilunak eta ikuspegi ezkorrak nagusi diren garaiotan, halako edukiek leku propioa izan beharko lukete EITBren eskaintzan, urtez urte eta etenik gabe.
Badago, esaterako, RTVE Playko Cuéntame cómo pasó kanal tematikoa, telesaila etenik gabe eskaintzen duena. Zergatik ez antzeko zerbait EITBn? Euskal umoreari eskainitako kanal bat, eguneko 24 orduetan euskaraz barre egiteko aukera emango diguna.
Niretzat, behintzat, sendagarria da Superra bezalako saioak ikustea.