urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Pinpix eta Kandido

2026ko otsailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datorren larunbatean, hilaren 28an, Espainiako Zinema Akademiak 40. Goya sariak banatuko ditu Bartzelonan. Maspalomas euskarazko film ederrak bederatzi izendapen ditu, eta, besteak beste, saria irabazteko aukera dute Jose Ramon Soroiz eta Kandido Uranga aktoreek. Aktorerik onenaren kategorian lehenak, eta taldeko aktorerik hoberenaren arloan bigarrenak. Saria etxera ekarri ala ez, badaude hori baino garrantzi handiagoa duten kontuak. Feroz sari bana eman zien Espainiako zinema informatzaileen elkarteak urtarrilaren 24an, Pontevedran (Galizia). Eta ondotik, biak batera ageri diren argazkiak makina bat kontu ematen ditu aditzera. Ez esanahi txikikoak, gainera.

Jose Ramon Soroiz eta Kandido Uranga Feroz sariekin
Jose Ramon Soroiz eta Kandido Uranga, Feroz sariekin, Pontevedran, urtarrilaren 24an. FEROZ

Klara Badiola aktore donostiarrak bere ibilbidearen errepasoa egin zuen aurreko batean BERRIAn, eta orduko hartan aipatu zuen nola pailazo lanetan aritzen ziren Joseba Urzelai, Eneko Olasagasti, Jose Ramon Soroiz eta bera. Pinpix, Ponpox, Butxuuik eta Klara zuten izena pailazoek, eta Donostialdean aritzen ziren bereziki. Beste garai batzuk ziren, baina, arte eszenikoen munduan, Pinpix izena erabiltzen dute sarri ahotan Soroizi buruz ari direnean. Ezizen batzuk luzarorako izaten dira. ETBko Bi eta bat telesailaren zale amorratuentzat, Soroiz beti izango da Jose Lontxo. «Bolada onean nago, eta sentitzen dut izendatuta dauden beste aktoreengatik», esan zuen Soroizek Galizian, Feroz saria jaso zuenean. Uranga, berriz, galegoz eta euskaraz mintzatu zen eskerrak ematean, eta «urduri» zegoela soilik aipatu zuen gaztelaniaz.

Baina, sariak alde batera utzita, zer dago Soroizen eta Urangaren argazki horretan? Lankidetza, urteetako ibilbidea, adiskidetasuna, maitasuna eta ofizioarekiko konpromisoa. Hitz handiak dira, akaso, baina Legorretako eta Zumaiako (Gipuzkoa) bi aktoreen argazki horretan sentitu daiteke benetakoa dela hori guztia.

Haiekin tartetxo batean hitz egin duen edonork badaki Soroiz eta Uranga ez direla heroiak, baizik eta gertukoak direla, umilak, baina ,hain justu, elkarrekin oholtza gainean aritu ziren Heroiak antzezlanean duela hamar urte, Ramon Agirrerekin batera —Gerald Sybleyras dramaturgo frantziarraren Le vent des peupliers antzezlanaren euskarazko egokitzapena zen, Begoña Bilbaok zuzendua—. Lehendik ere arituak ziren elkarrekin antzerkian. Eta batera aritu izan dira telebistako hainbat fikzio lanetan ere. Tarte honetan duela hilabete batzuk aipatu zen Ertzainak telesailaren (1999) euskara aberatsa, eta, lan hartan, ertzainarena egiten zuen Soroizek, eta kaleko droga saltzailearena Urangak. Agertu izan dira pelikula berean ere; adibidez, Amama filmean (2015) rol garrantzitsuagoa zuen Urangak, eta txikiagoa Soroizek. Zenbatzen jarraituz gero, ziur asko amaiezina izango da kredituetan Soroiz eta Uranga batera ageri diren lanen zerrenda.

Kandido Uranga Feroz saria jasotzen.
Kandido Uranga Feroz saria jasotzen, Pontevedran, urtarrilaren 24an. LAVANDEIRA JR. / EFE

Feroz sarietako argazki horretan transmititzen da beste konturik ere. Samurtasuna eta konfiantza izan daitezke bi aldagai. Baina argazkiak haien ingurukoei zer pizten dien ere aipa daiteke. Besteak beste, poza, zoriona eta harrotasuna. Eta hori ez da diruarekin ordaintzen. Feroz sarien galan, zenbaitetan Nagore Aranburu enfokatu zuten Soroiz saria jasotzen ari zela, eta haren begi bustiek sentimendu sakonak adierazten zituzten. 

Baliteke datorren larunbatean eszena bera izatea Bartzelonan. Baina Maspalomas-en lehiakideak ere pelikula oso interesgarriak dira, eta aktoreen lana ez da  makala. Hortaz, Goya saririk gabe itzultzen badira ere, mundua ez da bukatuko. Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filma ikusgai da Primeran doako plataforman, eta bederatzi izendapenetatik bat edo beste Goya sari bilakatuta, modua izango du Hegoaldeko aretoetako bizialdia luzatzeko. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako zinema aretoetara, berriz, ekainean iritsiko da. Euskaldun orok ikustekoa baita Urangak eta Soroizek filmean egiten duten lan bikaina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA