«Bi begi bi lore, beldurrik gabe, dena ongi dago, zu bazaude… Minutuak ez du segundorik galtzen…». Goizean goiz esnatu eta eguneroko errutinan murgildu aurretik, baita eguna amaitu eta patxadarako unea iristen denean ere, gure etxeko bozgorailutik gehien entzuten diren abestiak dira horiek. 6 urteko etxeko txikiak Janus Lester deskubritu zuenetik, haren musikak gure egunerokoaren soinu banda osatzen du.
Ez, ez zara erratu. Hau ikus-entzunezkoen munduari begiratzen dion Ekografiak zutabea da. Baina aspalditik nuen Jokin Pinatxok musikatik harago urte gutxian eraiki duen unibertso artistikoaz hitz egiteko gogoa. Izan ere, Popera disko berriarekin beste urrats bat egin du bere sormen bidean, eta ikus-entzunezko lengoaia bikain baliatu du bere proposamena beste maila batera eramateko.
Duela aste batzuk kaleratu zuen proiektuko lehen singlea, hari lotutako bideokliparekin batera. Estetika zaindua, irudi zinematografikoak, muntaketa bizia eta lehen entzunaldian harrapatzen duen melodia itsaskorra (aitortu zeuk ere mugitu duzula burua alde batetik bestera nanananana abestuz). Doinuaz gain bereziki deigarria da bideoklipak minutu gutxian biltzen duen aurpegi ezagunen desfilea: Aiora Zulaika, Aizpea Goenaga, Ane Gabarain, Antton Telleria, Joxe Mari Agirretxe, Onintza Enbeita, Ruper Ordorika eta beste hainbat.
Atzean dagoen istorioa eta proiektuaren xehetasun guztiak bihar bertan ezagutuko ditugu, Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztuko baitituzte diskoa eta dokumentala. Bestelako bizimodu bat irudikatzeko gai ez den pertsona baten bidaia kontatzen du filmak. Bidean gurutzatzen zaizkion pertsonek, ordea, ustekabeko norabidea emango diote haren ibilbideari. Popa, umorea eta emozioa lagun, bestelako bizitza bat elkarrekin irudikatzera gonbidatzen gaituen bidaia bat da.
Muga ekoiztetxeak ekoitzi du, Aitor Aranguren arduratu da zuzendaritzaz eta muntaketaz, eta Jokin Pinatxok eta Edurne Azkaratek hartu dute beren gain sormen zuzendaritza.
Ederra, freskoa eta benetan erakargarria da Lesterrek eta haren lantaldeak osatu duten proposamena. Ohituta gaude nazioarteko musikaren esparruan ohiko formatuetatik aldentzen diren artistak ikusten, bestelako narratibak, hizkuntza bisualak eta unibertso propioak eraikitzen dituztenak. Horregatik, bereziki pozgarria da Euskal Herrian ere halako proiektuak sortzen direla ikustea.