Torturaren Aurkako Eguna izan zen ostiralean, otsailaren 13an. Halako egun batean, Joxe Arregi hil zuten Carabanchelgo kartzelan (Madril), 1981ean. Torturaz eraila. Herenegun, Hamaika telebistak bat egin zuen egunarekin, eta Gutun bat Kottori dokumentala eman zuen. Torturatua eta espetxeratua izan eta egun gutxira, Jose Angel Altzuguren Perurena Kotto hilik aurkitu zuten Soriako espetxean, 2005eko urriaren 31n. Haren bizitzaren errepasoa egiten dute filmean Garazi San Martinek eta Ekhiñe Zapiainek, lekukotzen bitartez.
Berriki estreinatu du Kanaldudek Olatuak dokumentala —ikusgai da Kanalduderen webgunean—. Itziar Leemans zinemagilearen lan horretan, tortura jasan duten zazpi emakumek Lorea Mentaberrirekin egindako dantza terapia ageri da iruditan. Haien ahotsetan sufritutako torturak. Bortxaketak. Marietxe elkartearen bidez egindako dokumental hori lazgarria da oso. Leemansen proposamena zen tortura testigantzak gorputzaren mintzoarekin beztitzea. Dantza gela handi batetik irten gabe garatzen dira filmeko 78 minutuak. Leku seguru bat eskaintzen die Mentaberrik zazpi andre horiei. Han entzuten da haien hatsa. Eskuarekin hasten den mugimendua. Begiak ixtea eta iluntasunak eragiten diena.

Ez da erraz ikustekoa Olatuak, baina gizarte batek ezin dio ez ikusiarena egin halako dokumental bati. «Tortura salaketen %97,5 ezerezean gelditzen dira, inongo ikerketa judizialik gabe», irakur daiteke filmaren kredituetan.
Kontatzen du emakume horietako batek nola hil egin nahi zuen tortura saio haietatik irteteko. Pistola bat jarri zioten torturatzaileek parean, eta barre artean esaten zioten egiteko bere buruari tiro. Egin zuen torturatuak tiro, eta ez zen han balarik. 18 urte zituen neska hark. Dantza terapian da. Eta uneren batean, «puskatuta» sentitzen da.
Espainiako segurtasun indarrek egindako torturak dira filmean ageri diren kasu gehienak; baina Arkauten (Araba) ertzainek egindako torturen lekukotza ere ematen du emakume batek. Kanalduden bai, baina sekula hitz egin al da ETBren emankizun batean ertzainek egindako torturen inguruan? Ez al da garaia?

Leemansen Olatuak Ipar Euskal Herriko hainbat zinema gelatan eman zuten, eta merezi du orain Kanalduden ikustea. Baina mereziko luke beste esparru batzuetara iristea ere. Ikus-entzulea barrutik puskatzea lor dezakeen arren, torturaren dimentsioaz ohartarazten du. Modu intimo eta benetakoan.
Dokumentalaz gehiago jakiteko, Leemans zuzendariari berari egindako elkarrizketa bat eman du argitara Kanaldudek.
Baionan eta Altsasun
Hamaikan eta Kanalduden eman dituzte torturaren inguruko lan horiek, eta azkeneko egunetan eman dituzte bestelako lan interesgarri batzuk euskarazko bi telebista horiek. Kasurako, Baionako Zizpa gaztetxeak hamar urte bete berri ditu, eta emankizun berezia prestatu zuten Kanaldudek berak, Iparraldeko Euskal Irratiek eta Bada Ipar Euskal Herriko gazteen hedabideak. Graziaz beterik mintzo dira bi aurkezle gazteak, eta 40 minuturen bueltan hobeki ezagutzen ahal da Lapurdiko hiriburuko gaztetxearen historia laburra. Gaur egungo gazteek antzerki tailer bat euskaraz ere antolatu dutela kontatzen dute saioan, baita bestelakoak ere. Giro biziki alaian pasatzen da Zizpak 10 urte emankizuna.

Inauteri egunekin bat eginez, bertzalde, Hamaikak Momorrotxoak: kaos baten istorioa dokumentala estreinatu zuen atzo gauean; gaur berriro emango dute, 22:00etan. Altsasuko (Nafarroa) inauteriak nondik nora berreskuratu ziren kontatzen du lan horrek. Irudi, testigantza eta memoria kolektiboaren bidez, herri baten nortasuna eta kultura ondarea berreskuratzeko bide hori ezagutzea ere aukera polita da.
Kanalduden, era berean, beti da gustagarri Harri salda emankizunari begirada bat botatzea —Imanol Murua Uria Biba gorriac! liburuaren inguruan elkarrizketatu dute berriki—. Eta telebistan gutxitan aipatzen diren gaiak ere eramaten dituzte Emak Bakia magazinera; Amaia Kastorenek eta Joana Olasagastik gonbidatu bereziak izan ohi dituzte beti.