benat erezuma
Funtzio sigmoidea

Santimamiñeko autokarabana

2026ko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Futboleko euskal selekzio ofizialik gabe, mundialaz paso egin eta deskonektatzen saiatu garenontzako ez da samurra izan. Gure lagun bat joan zen Santimamiñeko kobazulo ingurura, lasaitasunaren bila. Gaueko bederatziak ziren, ez zen inor bertan. Eta bat-batean, turista familia ez-nazionalista bat iritsi zen autokarabanaz. Han aparkatu eta aitak atera zituen aulkiak. Telebista piztu, eta finalerdietako partida ikusten hasi ziren guraso eta seme-alabak. Lagunaren bakea amaitu zen, Espainiako selekzioaren aldeko zaraten dezibel maila neurriz kanpokoa baitzen. Naturara bakearen bila joan, eta han ere gerra hotsak entzun behar.

Konkisten inguruan hitz egiten jarraituz, gaurko egunez, baina 1512. urtean gertatu zena gogoratu behar dugu, gaztelar tropek Iruñea erretzeko mehatxua egin baitzuten. Horren arriskua ikusita, Iruñeko alkateak eta hainbat hautetsik Albako dukeari eman behar izan zioten hiriaren agintea. Okupazioaren ondorioz, Nafarroako Erresuma Gaztelako Koroan integratzeko prozesua hasi zen.

Nafarrekin segiz, Zetak taldearen Itzulera abestia kantatzen ikusi genuen hainbat eduki sortzaile duela hilabete, futbol zelai baten hain zuzen ere. Pasa den astean, baina, influencer horietariko batzuk Espainiako kamisetak jantzita ikusi ditugu aldarrika. Ez dakiguna da abestiaren letrak ondo ulertu ote dituzten, besteak beste, soinean daramaten herrialdeak debekatzen baitio selekzio ofiziala izatea mendikateak lotzen dituen herriari. Zorionez, edukia euskaraz sortzen dutenen artean denetarik dugu.

Euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko partida leku askotan jokatzen da: estadioetan, parlamentuetan, kalean, pantaila handietan eta eskuan darabiltzagun pantaila txikietan ere. Ofizialtasunaren aldeko familia politikoak prest al gaude eskutik joan eta horretarako baldintzak sortzeko? Guk ere eskubidea baitugu, autokarabana hartu, eta mundialean euskal selekzioren aldeko oihuekin inguruko familiak gogaitzeko.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiot BERRIAri, hemen idazteko aukera emateagatik, hau izango baita nire azken idatzia. Zutabe honetan, batez ere, teknologiaz eta adimen artifizialaz hitz egin dugu. Barka, beraz, adimen natural honek gaizki esandakoak, denok baititugu gure obsesio txiki eta alborapen handiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA