Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Sostengu-sareak

2026ko azaroaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azaroaren 14an Errenteriako Zintzilik Irratiak bere 42. denboraldia aurkeztuko du, eta, horretarako, jaialdi bat iragarri dute sare sozialetan. Niessen kulturgunean egingo duten ekitaldian, kontzertuez gozatzeaz gainera, 2026-27ko programazioa ezagutzeko eta merchandising-a erosteko aukera izango da. Bere aldetik, Zarauzko Arraiok Imanol Epelderen ikuskizun bat iragarri du programazio berriaren aurkezpen ofiziala egiteko. Ekitaldi horien helburua, ordea, harago doa, eta ikasturte honetan eskaintzen diren edukiak publiko egiteaz gainera, entzuleekin, komunitateko kideekin elkargunea izatea ere bada, eta, nola ez, sostengu ekonomikoa lortzea, sarreren, edarien eta materialen salmentaren bidez.

Dirua lortzeko beste bide bat bazkidetza da. Diru laguntzarik edo publizitaterik gabe, komunitateko kideek —zenbaitetan irratsaioa egin ahal izatearen truke— hilero ordaindutako kuotak edo laguntza-bonuak izan dira historikoki irrati aske eta komunitarioen finantzabide garrantzitsua, nagusia ez bada. Zintzilagunak, Hala Belarriak, Eguzkideak bilatzen dituzte irrati beteranoek webguneetatik, eta, zenbaitero, lagun berriak topatzeko kanpaina trinkoak egiten dituzte.

Publizitate-sarrerak dituztenen artean ere, zenbakiek ez dute beti ematen, eta sostengu-sarreretara jo behar dute. Esaterako, Denok batera, handira! lelopean, Iruñerriko Euskalerria Irratiak kanpaina bat abian jarri zuen egoitza eta denboraldi berriarekin batera, 400 bazkide berri lortzeko asmoz. Nafarroako euskalgintzan ekarpena egiteaz gainera, errenta-aitorpenean ordaindutakoaren %80ko desgrabazioa iragartzen diete balizko kideei. Ez da gutxi!

Ipar Euskal Herrian eredua oso bestelakoa da, eta irrati asoziatiboak deiturikoek —Euskal Irratiak, kasurako— Irrati Adierazpena Sostengatzeko Funtsak jasotzen dituzte, baldintza zorrotzak betez gero. Azken urteotan diru-sarrera hauek kolokan gera daitezkeelako kezka zabaldu da, horren inguruan Frantziako Asanbladan egindako galderari aste honetan eman berri dioten erantzunak agerian uzten duenez. Sarrera horien segurtasun ezak eta gastuei aurre egin behar izateak bultzatu zuten Gure Irratia Irratia GIra kanpaina sortzera. Izan ere, tokiko euskal hedabideen biziraupena sostengatzen duten lagunen sareetan sustraitzen da.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA